Arloz arloko mahaiekin “herritarrak parte aktiboa izatea” nahi du Udalak

Urola Kostako Hitza 2007ko aza. 19a, 15:11

Hainbat arloetako behar komunak zehaztu nahi ditu, diagnosiak eginda

"Euren borondatez lanean ari diren herritarrek dakite ondo zer lan dagoen egiteko", dio Xanet Esnaola alkateordeak

Udala hainbat arlotan mahaiak sortzen ari da, herritarren parte-hartze aktiboa sustatu asmoz. Halaxe dio Xanet Esnaola (EAE-ANV) alkateordeak: “Guretzako mahaiak estrategikoak dira, zenbait arlotan herritarren parte-hartzea bultzatzeko. Izan ere, arlo horietan euren borondatez lanean ari diren herritarrek dakite ondo zer lan dagoen egiteko, eta guk herritarrak parte aktiboa izatea nahi dugu”.

Dagoeneko Kirol Mahaia eta Emakumeen Mahaia martxan jarri dituzte, eta Kultur Mahaiaren talde eragilea sortzeko pausoak ere hasi dira ematen. “Horiez gain, euskarakoa hil honen bukaeran biltzekoa da”, azaldu du alkateordeak.

Adinekoen mahai bat ere osatu nahi dute Udaleko arduradunek. “Erretiratuen Elkarteko zuzendaritzarekin eta San Martinekoekin harrremanetan jarrita gaude dagoeneko. Hazia ereiten ari gara, eta ea horrek kimua noiz botatzen duen”, dio alkateordeak.

Auzoetan ere mahaiak osatu eta martxan jarri nahi dituzte. Urrestildarrekin hil honen bukaeran bildu nahi dute. Era berean, Nuarbe eta Aratz-errekan ere batzarrak deitzeko asmoa dute.

Helburua, beharrak zehaztea

Mahaien helburua “ez da soilik aurrekontuei erantzutea. Arloko beharrak zein diren aztertu, diagnosia egin, eta talde bakoitzak dauzkan beharrak zehaztu ondoren, horri herritik eta Udaletik erantzuna ematea da helburua. Mahaiak, arlokako behar komunei erantzuteko guneak dira”.

Kirolekoa, emakumeena eta kulturakoa izan dira aurrena sortu edo bultzatu diren mahaiak; “gai horietan baldintzak ikusi ditugu martxan jartzeko, eta horregatik izan dira lehendabizikoak biltzen eta abian jartzen. Baina modu edota filosofia hori arlo guztietara zabaldu nahi dugu: hezkuntzara, etxebizitzara, ingurumenera...”.

Arlo horietara guztietara filosofia bera zabaldu nahi dute: “Era horretan, Udalak zerbait egin behar duenean, gai horietan edota taldeeetan lanean ari direnek zer esana eduki dezaten”. Mahaiei “funtzio politikoa” eman nahi diete. “Itxuraz ez ezik, edukiz betetzea nahi dugu; era horretan lan egin dezakegula uste dugulako”.