“Elkarri irakasten jardun gabe, asko ikasi dugu elkarrengandik”

Urola Kostako Hitza 2007ko aza. 9a, 19:11

Xebaxtian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariek 20 urte daramatzate elkarrekin kantuan

Urola Kostako Hitzak biak elkartu ditu

Andoni Egaña eta Xebaxtian Lizaso bertsolariek beraien ibilbidea, txapelketak eta oholtzako sentipenak izan dituzte hizpide. Azken 20 urte hauetan, milaka ordu pasatu dute elkarrekin, eta ez dute aldatzeko asmorik erakusten oraingoz. Egañak “jarioa” hitzarekin definitu du Lizaso; Lizasok Egaña “kalkulagailua” dela dio. Hitza eman eta kalkulatu ezineko jarioa erakutsi dute.

Azken asteotan jarraitu al duzue G puntua?

Xebaxtian Lizaso: Saioak jarraitzen ari naiz, baina fisikoki ez naiz izan oraindik. Guk dauzkagun bertso saioekin tokatu izan zaizkigu beti. Informazioa badugu, batek ez bada besteak kontatzen digulako. Gainera bukatu eta segituan jakiten da emaitza gehienetan.

**Andoni Egaña:** Gu ere morbosoak gara azken batean. Badaukagu jakin nahi hori.

Gisa honetako txapelketek zer ematen diote bertsolaritzari, eta zer kendu?

Lizaso: Nik beti esaten dut txapelketa apustu bat dela, gutxi batzueri poza ematen dio eta multzo handi bati pena.

**Egaña:** Hori ikuspegi indibiduala da, eta horrek ere agintzen du. Baina ikuspegi kolektibo batetik, aldagaiak ez daude pozetan eta penetan. Bertsolaritzari susperraldiak ematea, belaunaldien arteko aldaketak ahalbidetzea... helburuak horiek izan ohi dira, eta neurri batean lortzen dira. Nire ustez, Elkarteak egin behar du beti gogoeta eta memento horretan zer funtzio daukan ikusi. Eta funtziorik baldin badauka, egin. Funtziorik ez baldin badauka, zertarako egin?

Eta G puntuak zer funtzio du Gipuzkoan?

**Egaña: ** Nik uste dut G puntua-ren ikurburua ona dela. Gainera, Gipuzkoan beti egon da galdera hori, ea funtziorik ba ote duen. Agian, Nafarroan beste kontu bat da. Edo Bizkaian, belaunaldi zatiketa handi bat egon zen lurraldea izan zen: Lopategi, Azpillaga eta Amurizaren ondoren, Iturriaga eta Elorza iritsi arte ez zen egon lotura handirik. Gipuzkoan masa kritiko handiagoa egon da beti ere, eta funtzioaren galdera airean gelditu da.

Lizaso: Aurtengoan, batetik ikusi da bertsolariek erantzun dutela eta parte-hartze zabala dagoela, eta bestetik, publikoak ere baiezkoa eman dio. Ez da normala hasieratik hainbeste jende ibiltzea; lehengoan Zumaian ere jendea kanpoan gelditu zen. Illunbeko apustua egin zen eta ondo egindakoa dela erakutsi da, finalerako jendea erakarriko duelako.

**Egaña: ** Bertsolariaren norbanakoari helduta, batzuentzat erakusleihoa edo eskaparatea izango da, besteentzat...

Lizaso: Besteentzat eskapada galanta!

Zergatik ez duzue parte hartu?

Lizaso: Bideak irekitzeko behar baldin badu, aurrean topea ezin da jarri. Erakusleihotik erretiratzeko modu bat da, besteei lekua utzita.

**Egaña: ** Orain dela 12 urte funtzioa belaunaldi berriak bultzatzea baldin bazen, zer egiten genuen ia seguru finalista izango genuen bost lagunak han? Zenbati uzten genion tartea? Orain gauzak ezberdinak dira. Askoz ere segidakoagoa delako bertsogintza adinari begiratuta. Gaur egun 34 urteko bertsolari oso onak daude, baina 30 urteko oso onak ere bai, eta 25ekoak eta 18koak. Asko hedatu eta garatu da bertsogintza azken urteetan eta ez dago piramide bakar bat, ikuspegi bakarrarekin. Ez da lehen bezain monolitikoa.

Hasi zinetenetik, bertsolaritzak izan duen bilakaeran, zer aldaketa nabarmenduko zenukete?

Lizaso: Bertsoa izateari utzi gabe gauza gehiagotara egokitzen jakin du. Horregatik mantentzen dira betiko bertso saioak, afariak eta jaialdiak, baina gauza berriak sortu dira: bertso tranpak, antzerkia, poteoak, kabareta... Aniztasun gehiago dago eta bertsozaleari ere aukera gehiago ematen dio gozatzeko.

**Egaña: ** Neurria, doinua eta errima ez dira aldatu, hortxe jarraitzen dute. Baina gainerako guztia asko aldatu da, gizartea bera ere aldatu delako. Adibidiez, bertsolarien eta entzuleen ikuspegi monolitikoa aldatu da. 60ko hamarkadan balio komunak zituzten ia guztiek. Jainkoa adibidez, %99ak sinesten zuen jainkoa bazela. Familiaren ikuspegi bat eta bakarra zegoen. Gaur egun, berriz, entzuleria oso ezpaldua dago alde horretatik. Entzule horien aurrean zerbat ekoiztu beharra askoz ere konplikatuagoa da orain.

Kunplitzeko beharragatik?

**Egaña: ** Gaur egun ezin da kunplitu guztiekin, hori hala da. Adibide bat: Uztapideri 60ko hamarkadako txapelketa batean ‘Ama’ gaia jarrita, hamarreko txiki batean, azken puntuan bildu zuen mamia, “dena esanda dago, esatean ama” abestuz. Horrek balio izan zuen orduko entzulea emozionatzeko. 80an, Amurizari ‘Aita’ gaia jarri ziotenean, aita konkretu bat margotu behar izan zuen, entzulea ez zelako “aita” hitza entzunda bakarrik emozionatzen. Eta gaur egun, bakoitzak ahal duena kontatzen du, istorio bat asmatzen du edo egia kontatzen du, publikoa ere ezberdina delako. Unibertsitatearekin egindako ikerketa batean, bertsolariengandik gehien zer eskertzen duten galdetutakoan, euskararen aurretik agertzen dira irudimena eta umorea. Hori orain dela 35 urte galdetu izan balitz, euskara izango zatekeen lehenbizikoa.

Lizaso: Bertsolaritza asko hiritartu da. Gure aitaren garaian, gai aldetik ere baserri inguruko gaiak ziren gehienak. Gaur egun, munduko edozein gaik balio du. Ni hasi nintzen garaian, baserrian jaio ez zen bertsolari bakarra nintzen. Gaur egunean, alerik ere ez da egongo; oso-oso gutxi egongo dira baserritarrak.

Neurri batean, aipatutako ibilbide hori elkarrekin egin duzue.

**Egaña: ** Kalkulu txar bat eginda, 1.000 eta 1.500 saio artean egingo genituen elkarrekin.

Oraindik elkar harritzeko gaitasunik ba al duzue?

Lizaso: Batzuetan bai, onerako eta txarrerako.

**Egaña: ** Bizimodua aldatu egiten da, eta biona aldatzen ikustea polita da. Joerak dira, orain sei urte ni kirola egiten hasi nintzen, eta Sebastian orain dela bi urte, gero nik utzi egin nuen...

Elkarrengandik ikasi ere egingo zenuten.

Lizaso: Elkarri irakasten jardun gabe, asko ikasi dugu elkarrengandik. Hainbeste aldiz elkarrekin egonda, beti ikasten da.

**Egaña: ** Ez diogu elkarri aholkurik eman behin ere. Inguruan baldin bazabiltza, arreta pixka batekin, ikasi egiten dira gauzak. Bertsolaritza alde horretatik oso indibidualista da, bakoitzak bere burua salbatu behar du mikrofonoaren aurrean. Baina aldi berean, lagunarekin egin behar da. Bere argudioaren indarrak ematen dit niri erantzuteko indarra. Oholtzatik jaistean, sekula ez dugu esaten “gaur saio ona egin diat”, beti “egin diagu” esaten dugu, pluralean. Etxerakoan, orduan bai, “gaur eroso sentitu nauk”; baina lehen espresioa ez da bakarkakoa.

Saio ondorengo sentipen horiek partekatuak izaten al dira edo oso desberdinak izan daitezke?

**Egaña: Zaila da batek eta besteak desberdin sentitzea. **

Lizaso: Bi lagun joan eta batek oso saio ona egiten baldin badu, besteak oso txarra ezin du egin. Izan ere, batek txarra egiten badu besteak ezin izango du oso saio onik atera. Bien artean egin behar da. Azken batean, bertsoa elkarrizketa da, eta bat isilik baldin badago besteak alferrik jardungo du.

**Egaña: ** Laguna ezinean ari bada, ez duzu mundua jango.

Zer arrazoik bultzatzen zaituzte bertsotan jarraitzera?

Lizaso: Nik tarteka pentsatzen dut, aspertu ere... Laster 50 urte egin behar eta etxera alde egitea ez al dugu hobe izango? Baina, batetik bertsoa gustatzen zait eta ikusten dut jende batek gure bertsoa estimatzen duela. Eta jende askok esaten ez duena ere bai: plazan ohitutakoak plaza behar du.

**Egaña: ** Gustatu egiten zaidalako jarraitzen dut nik. Bertsotan egitea, lagunekin egotea edo parrandara joatea, mundutxo bat da. Benetako adiskide ere bihurtzen gara sarri gabiltzanak. Hori uztea...

----

“Gero eta autoebaluazio handiagoa egiten dugu amaieran”

Taula gainera igo eta bertso borobilak botatzea da zaletuek bertsolariengandik espero dutena. Baina bikain aritu dela, egun txarra izan duela, saio gazi-gozoa egin duela... Bi aurpegiko txanpona da bertsolariena. Kantuan erakusten duten adina kontu gelditzen da ezkutuan, barne berriketan.

Beldurra

Lizasok beldurrik ez dio bertsotan hasteari, baina kezka izaten duela aitortu du: “Arduragabe hasi baldin bada, bertsotan inork ez du ongi egiten. Exigentzia maila horrek, gainera, behartu egiten zaitu hobetzera”.

Beldurraren edo segurtasun ezaren “kudeaketa egokia” egin behar dela dio Egañak: “Nahiz eta normalean hutsik ez egin, huts egin dezakezu eta kontuz ibili behar duzu. Hori horrela pentsatuz gero, asko eginda daukazu”.

Lotsa

Plazara ateratzeko “gero eta lotsa gutxiago” dute, bai Egañak bai Lizasok. “Hasiberritan normala zen lotsa edukitzea. Baina lotsa baino gehiago kezka da: zer egingo dut, nola ariko naiz... Azken finean, sormen lan bat egitera ateratzen zara jendaurrera. Nahi bezala atera ez badira gauzak, erreminduta egon zaitezke zeure buruarekin, baina hori ez da lotsa. Gainera, ez dut uste lotsak leku asko beharko lukeenik”, dio Lizasok.

Alde horretatik, bertsolaritza bera ere aldatu egin dela nabarmendu du Egañak: “Gaur egun, gero eta autoebaluazio handiagoa egiten dugu bertsolariok saio baten ondoren. Duela 40 edo 50 urteko bertsolariek beste jarrera bat zuten: egunekoa egiten zuten eta kitto. Agian, kanpo-jarrera gehiago zuten. Gure belaunalditik aurrera, ordea, autoan egiten diren autoebaluazioak eta horiek gero eta gehiago dira”.

Hausnarketa

Bertsoak ebaluatzen, gomendioak ematen, edota nola hobetu zitezken esaten ere aritzen dira jaialdietan, aulkietan eserita txutxumutxuka. “Hura erantzungo dio, egokiagoa zen bestela... Azken finean, beste bertsolarien paperean ere sartzen gara aulkian gaudenean”, azaldu du bertsolari zarauztarrak.

“Horretarako, ordea, oso garrantzitsua da entzutea”, dio Lizasok. Batzuetan, taula gainean soinu monitorerik ez denez egoten, “saioan murgildu nahi duzu, baina ezinezkoa egiten zaizu”. Monitoreak ez daudenean saio txarragoa egiten dutela aitortu du Egañak.

Txapeketa edo jaialdi batean, atzean dauden aulkietan hitz egiten dutenean, elkarri adarra ere jotzen dietela eman du jakitera zarauztarrak: “Tentsioak baretzeko modu bat da, azken finean; izan ere, jendetza egoten baita guri begira eta horrek errespetua sortzen du”.

Amorrazioa?

“Amorrazioa, bai!”, aho batez aldi berean erantzun dute bi bertsolariek. Izan ere, “bertsoa egiten hasten zara eta agian hanka sartzen duzu. Jendea agian ez da konturatu, baina zu bai! Hori horrela egin behar nuen eta bestea beste modu horretara, baina hor ez dago atzera bueltarik, ez dago ‘Moviola’-rik”, dio barru-barrutik azpeitiarrak.

Bat-bateko jarduna beti hobetu daitekeela uste du Egañak: “Hobetzeko gutxi bazuen, bada, joan da ! Baina hobetzeko asko baldin bazuen, ‘zergatik ez zait hura bururatu’ esaten duzu zeure golkorako”.

----

Soslaiak

Xebaxtian Lizaso (Azpeitia, 1958)

“Titiarekin batera hartu nuen bertsoa, eta horixe bizi izan dut beti”. Gurasoek garai bateko bertsolariak biltzen ziren taberna bat izateaz gain, aita bertsolari handia izan zuen azpeitiarrak. Osagai horiekin, ez da harritzekoa semea bera ere ezpal berekoa ateratzea: Euskal Herriko Txapelketa Nagusiko txapela lortu zuen 1986an. Egun, etxe agentzia batean egiten du lan.

**Andoni Egaña (Zarautz, 1961) **

Indurainen marka berdintzekotan da bertsolaritzan, 1993tik 2005era bitartean Euskal Herriko 4 txapel lortu baititu. Berandu ekin zion, ordea, bertsoak abesteari: “18 urterekin hasi nintzen probak egiten. Konturatu nintzen ez nuela hain ondo egiten, baina ez zitzaidala hainbeste ere kostatzen”. Egun, bat-bateko bertsogintzaren ordezkari nagusienetakoa da.