Lasaoko luiziagatik itxitako errepidea ez dakite noiz irekiko den

Urola Kostako Hitza 2007ko aza. 12a, 10:11

Udalak, Foru Aldundiak eta Jaurlaritzak zigor espedientea ireki diote Altuna y Uriari

Urriaren 5ean gertatu zen ezbeharra

Urriaren 5ean luizia gertatu zen Lasaon, Altuna y Uria enpresako hondakindegiak gainezka egitean. Herenegun, udal batzarrean, Iñaki Errazkin alkateak (EAE-ANV) luiziak eragindako kalteen berri eman zuen. Gainera, oraindik ere errepidea noiz irekiko duten ez dakitela azaldu zuen, “azkenaldian lurra kentzeko lanak azkartu egin badituzte ere”.

Altuna y Uria enpresak duela hogei urtetik zuen hondakindegia Lasaon, alkatearen esanetan “baimenik gabe”. Orain, Udalak zigor espedientea jarri dio enpresari, baita Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ere.

Kalte ugari

Alkatearen esanetan, kalte ugari eragin du “milaka metro kubikotako” luiziak: “Errepidea itxi egin behar izan da eta baserritarrak kaltetu ditu; telefonoan ere kalteak izan dira”. Udal arduradunek “aurren-aurrena” segurtasun neurriak hartu nahi izan dituzte: “Horregatik, bidea itxi eta lehenbailehen hondakindegia behar bezala ixteko eskatu diogu enpresari. Bide hori berriro irekitzeko behar diren segurtasun neurriak bete beharko dira”.

Bidea itxita dagoen bitartean Danona aldeko errepidea erabili beharko dute baserritarrek. Horretarako, ordezko bidea nondik den azalduz seinaleak jarri dituzte.