25 urte eta aurrera

Urola Kostako Hitza 2007ko aza. 8a, 12:11
Udal ordezkariak eta Topaketetan parte hartuko duten hainbat aktore eta antzerki banatzaile; lehen lerroan, besteak beste, Antxietan hasitako Kontxu Odriozola antzezle azpeitiarra ikus daiteke, aurten Topaketetan izango baita.

Euskal Antzerki Topaketek 25 urte beteko dituzte

Aurrera begirako asmoekin datoz eta herriko antzezleak lan egiteko gogoz daude (Urola Kostako Hitza)

Euskal Antzerki Topaketek 25 urte, zilarrezko ezteiak, beteko dituzte aurten. Lehen, orain bezalaxe, euskarazko antzerkia zen antzerki jaialdiaren oinarria. Hasieran, antzerki amateurra profesionala baino gehiago ikusi zitekeen Azpeitian; gaur egun, berriz, profesionala gailentzen da amateurraren gainetik. Oholtza bat baino gehiago zapaldu dute topaketek: Zelaitxo eta Soreasu antzokikoak aurrena; orain, berriz, Izarraitz pilotalekuan muntatuko dute. Aurrera begirako asmo berriekin bueltaka dator 25. hau.

.25. aldi honetan 11 izango dira eskainiko diren antzezlanak. Bihar hasi eta azaroa bukatu bitartean ostiraletan, larunbatetan eta igandetan izango dira, Izarraitzen. IƱaki Errazkin Azpeitiko alkatearen esanetan, "azken urteetako ildoa" jarraitu dute antolatzeko.

Behin azaroa bukatzen denean, 25. urteak 26.ari pasatuko dio lekukoa, baina aurrerantzean ere topaketek "bueltaka segi dezan" nahi dute Azpeitiko antzezleek.

Antzezlan berria

Azpeitiko Ikasberri Ikastolako Lakrikun antzerki talde amateurrak espreski XXV. Topaketarako eta Azpeitirako antzezlan bat prestatu du.

Lakrikunek 25 urte... ta segi bueltaka antzezlana prestatu du. "Aurten dinamika puskatu eta talde sormenetik ateratako obra prestatu dugu", azaldu du Lakrikuneko Alaitz Olaizolak. Antzerkiarekin lotutako ekitaldiek aurrera egin eta jarraitzea nahi dute: "Topaketek 25 urte dituzte, eta Lakrikunek, berriz, 14. Eta aurrera segitzea da gure nahia, baina antzerki amateurrak aurrera egingo badu, emanaldi kopuru bat behar du".

Azpeitiko antzezleak gustura daude aurten Udalak azaldutako asmo berriarekin. Izan ere, antzerkiarekin lotutako ekitaldiak urte osoan zehar antolatu nahi ditu Udalak. "Sortu asmo dugun Kultur Mahaiaren bidez antolatuko genituzke ekitaldiak", azaldu du Azpeitiko Udaleko Kultura batzordeburuak Leire Lazkanok.

Azken urteetako ildoari jarraituz antolatu dituzte aurtengo Topaketak, baina aurretik antolaketa lanetan jardundakoen lana gogoan izan du alkateak, "25 urte urte asko dira eta urte hauetan guztietan Topaketek antolatzen lanean ibili direnen lana kontuan izan behar dugu, haiei eskerrak emanez. Lan horri esker euskal antzerkiarentzako erreferentzia bihurtu baita".

Antxieta taldea gogoan

Azpeitian Euskal Antzerki Topaketak sortu aurretik antzerkirako zaletasuna bazen, gaur egun bezalaxe. 1981ean sortu eta abiatu zen Antxieta Antzerki Taldea. Amateurra zen eta 1997. urtera arte lanean jardun zuen. 25. urteurren honetan Antxietak egindako lana gogora ekarri dute.

Faltan botatzen dute Lakrikunekoek, "gure aurretik zetorren talde horren falta sumatzen dugu gaur egun. Lan asko egin zuen eta behar diren baldintzak beteko balira, segi egingo zuen". Topaketen aurkezpenean Kontxu Odriozola azpeitiar aktoreak ere gogora ekarri zuen Antxieta, "antzerkian lan egiteko grina Antxietak sortu zidan niri. Beste batzuen artean, Imanol Elias eta Enrike Zurutuza ez ditut inoiz ahaztuko. Haiek gogoan izan nahi nituzke orain ere". Antxietarekin antzerki giroa berritu zen Azpeitian eta Udalak Topaketak sortu zituen.

Lehen Euskal Antzerki Topaketak 1983ko abenduaren 2tik 21era bitartean egin ziren. Gero, 1990eko hamarkadan topaketen iraupena udazken osora zabaldu zen, eta azken urteetan, berriz, azaroan antolatu dira. Lehen ekitaldian sei taldek parte hartu zuten, guztiak antzerki talde amateurrak: Intzurre, Xirrixti Mirrixti, Txo, Lizardi, Goaz eta Antxieta. Halaxe kontatzen du Uztarria Kultur Koordinakundeak atera eta Mailo Oiarzabalek idatzitako Imanol Elias biografia liburuan.

Topaketak Imanol Elias Azpeitiko alkate eta Maria Jesus Aranburu Kulturako zinegotzi zirela sortu ziren. Eliasentzako alkatetza garaitik gordetzen duen oroimenik onenetarikoa da, "karguan zegoela martxan jarri ziren proiektuen artean gehien bete zuena".

Hasierako helburuak

Topaketak, sorreran, hiru helburu nagusi zituen: euskarazko antzerkia eskaintzea; talde amateurrei tokia ematea; eta euskarazko antzerki sormena bultzatzea. Gaur egun, antzerki amateurrak profesionalak baino toki txikiagoa du topaketetan. Xabier Agirre aktore eta antzerki banatzailearen esanetan, "garai batean herri guztietan antzerki talde amateurrak zeuden, baina gaur egun asko desagertu egin dira, zaila baita".

Agirrek badaki antzezlanez eta euskal antzerkiaz, ZTP Banaketak enpresa baitu. Haren ustez, Antzerki Topaketak "heldutasunera" heldu dira; "Euskal Herrian euskara hutsean egiten diren bakarrak dira".

Aspalditik parte hartu du Topaketetan Agirrek eta oso gustuko plaza du: "Antzerkia ulertzen duen jendea da Azpeitikoa eta esker onekoa, gainera". Kontxu Odriozola aktorea ere berriro herrian antzezteko desiratzen dago. Hilaren 17an, Kanpingags taldearekin Lapur zuloa lanean parte hartuko du.

Baina Udalak asmo berriak ditu, Topaketak bukatu arren, urtean zehar ere antzerkiarekin lotutako ekitaldiak antolatu nahi baititu. "Antzerkia indarberritzeko bestelako ekitaldi, mintegi eta saioak antolatzeko asmoa dugu. Hori sortu asmo dugun Kultur Mahaiarekin egin nahi dugu", azaldu du Lazkanok. Horretan bidelagun izateko eta lan egiteko prest azaldu dira Lakrikun antzerki taldekoak; hala adierazi dute Alaitz Olaizola eta Gurutze Eizmendi taldekideek.

.25.enaren ondoren ere bueltaka jarraituko du antzerkiarekin lotutako munduak. Baina 25.eko lehen buelta bihar izango da Izarraitz pilotalekuan, Dar-dar antzerki taldearekin.