Antolatzaileak gustura Triku Festak eman duenarekin

Urola Kostako Hitza 2007ko urr. 31a, 11:10
Gora Japon taldeak ostegunean jo zuen Triku Festako karpan; rock inprobisazioa lantzen dute.

"Aurreikuspenak gainditu" dituztela azaldu dute

Kontzertuetan grabatutako bideoak datozen egunetan zintzilikatuko dituzte euren blogean (Urola Kostako Hitza)

Triku Festa igandean amaitu zen eta iraun duen bitartean herrian nabaritu da Trikuaren eragina, bai jende aldetik, bai giro aldetik. Gauzak horrela, Triku Musika Elkarteak dena "oso ondo joan" dela eta "aurreikuspenak gainditu" dituztela adierazi du.

Aurtengoan, zenbait ikuskizunek eskatzen zuten betebehar tekniko berrien erronkari heldu diote, eta alderdi teknikotik ere hobetu dutela uste dute Trikukoek.

"Lau egunetan ibili da jendea" adierazi dute, "egunero han izan denik ere izan da". Urtean baino urtean jende gehiago hurbiltzen zaiela ere esan dute Triku Festa Musika Elkartekoek. Hori bai, "ez dugu jendea ardien moduan zenbatu eta ez genuke jakingo egunero zenbat jende ibili den zehazten", diote.

"Nahiko kartel ausarta"

Aurtengoan "nahiko kartel ausarta osatu dugu", aitortu dute, askotariko proposamenak biltzen zituena. Bestalde, azaldu dutenez, lagun asko inguratu zaizkie eskerrak emanez, herrian horrelako taldeak ikusteko eta entzuteko aukera emateagatik.

Kartela ausarta izaten lagundu duten taldeak PT_Bizarro, Tender Forever, multimedia erabiliz egindako proiektuak... izan dira, besteak beste. Talde horiek, esperimentalak izan arren, "primerako harrera izan" dute herrian, Trikukoen esanetan.

Tender Forever taldeak, esaterako, ingelesez abestu arren "berehala bereganatu zuen karpan zegoen jendetza eta energia ikaragarria transmititzea lortu zuen", adierazi dute harrituta.

Kanpoko taldeei dagokienez, izugarrizko ilusioa izaten dutela eta agertokian duten guztia ematen dute, elkartekoen iritziz. Gainera, "zer eskertzen duten badakigunez, erraz konektatu dugu beraiekin" zehaztu dute; "beraiek ongi sentitzen badira, gustura jotzen dute eta guk fruitu ona jasotzen dugu...guztiok irabazten dugu", ondorioztatu dute musika taldeekin izandako harremanaz galdetzean.

Bestalde, aurten bigarren urtez denda ere zabaldu dute. Horren inguruan, "iazko esperientzia ona errepikatze aldera" egin dutela azaldu dute.

Berrikuntza gisa, aurten Triku Festako kontzertuen bideoak ikusteko aukera izango da. Elkartekoek jakinarazi dutenez, laster eskegiko dituzte bideoak www.trikufestie.blogspot.com helbidean.