Mendiko XII. Argazki Rallya igande honetan izango da

Urola Kostako Hitza 2007ko urr. 30a, 10:10
Joxerra Larrañaga, Azpeitiko Argazki Elkarteko kidea.

.09:30etik 14:00etara parte-hartzaileek sei gairi buruzko argazkiak atera beharko dituzte Izarraizko magalean

Udazkenean izatean, argarzki onak ateratzeko aukera asko zabaltzen da" dio Joxerra Larrañaga, Argazki Elkarteko kideak (Urola Kostako Hitza)

Igande honetarako Mendiko XII. Argazki Rallya antolatu dute Azpeitiko Argazki Elkartekoek eta Lagun Onak Mendi Bazkunekoek. Argazki kamera digitalarekin egingo den Azpeitiko lehen rallya izango da; beraz, kamera digitala eta memoria tarjeta duten guztiek har dezakete parte.

Azaroko lehen igandean izan ohi da argazki rally hau. Argazki lehiaketa hau duela 18 urte hasi ziren egiten, Udazkeneko Argazki Rallya izenarekin. Sei urtera, ordea, Lagun Onak Mendi Bazkunak 50 urte betetzen zituela eta, bazkunarekin elkarlanean antolatzen hasi ziren; ordutik, Mendiko Argazki Rallya izena du.

Igandeko egitaraua

Igandean 08:30etik 09:30era bitartean eman beharko dute izena rallyan parte hartu nahi dutenek, Azpeitiko Argazki Elkartearen lokalean, Perez Arregi 1-1 helbidean. 16 urtetik gorakoek 5 euro ordaindu behar dute izena ematerakoan eta adin horretatik beharakoak doan eman ahalko dute izena.

09:30ean hasiko da rallya, Plaza Txikian. Plaza Txikitik Komuntzora abiatuko dira argazkilariak, Santutxoko eskaileretan zehar, eta han Takolon geldialdia egingo dute. Handik Urretara joko dute eta Goiko Saletxe aldera hartuko dute. Han, Lagun Onak Mendi Bazkunekoek prestatutako salda eta txorixo egosiarekin hamaiketakoa egingo dute. HandikGarate aldera hartu eta, Ezkerretegi eta Iturzulo aldetik, Azpeitiko herrigunera itzuliko dira.

Ibilbide horretan, Izarraitz magalean atera beharko dituzte argazkiak. Argazkietan sei gai landu beharko dituzte parte-hartzaileek, mendiarekin eta naturarekin lotuak gehienak. Egunean bertan ezagutaraziko zaizkie gai hauek, ibilbide orria eta beste hainbat argibiderekin batera. 14:00etan amaituko da rallya eta, tarjetan argazki elkartekoen egoitzan hustu ondoren, bazkaria antolatu dute parte-hartzaileentzat.

Argazkiak azaroaren 11rako

Parte-hartzaile bakoitzak, ordea, azaroaren 11rako bidali beharko du gai bakoitzarekin lotutako argazki bat, azpeitikoargazkielkartea helbidera. Hiruna sari emango dituzte helduen eta gaztetxoen mailetan; helduenean herriko lehen sailkatua eta argazki onena ere sarituko dute, diruarekin eta garaikurrekin.

Joxerra larrañaga. Azpeitiko Argazki Elkarteko kidea.

"Azpeitikoa da urtean bi argazki rally antolatzen dituen elkarte bakarra"

Joxerra Larrañaga Azpeitiko Argazki Elkarteko kidea da eta iganderako ilusio handiarekin dago.

Beti azaro hasieran egiten duzue mendiko rallya. Zubia izateak parte-hartzea jaitsiko du, bada.

Bai, jaitsiko du; baina urtero, zubia izan edo ez, 70 parte-hartzailetik gora izaten dira. Izan dira 120 lagunek parte hartu duten urteak ere.

Udazkenean izatean, argazkiak ateratzeko egokia izango da, ezta?

Bai, udazkenean izatean argazki onak ateratzeko aukera asko zabaltzen da. Izan ere, natura aldetik, kolore aniztasun handiena egoten den garaia izaten da oraingoa.

Igandean egiten duen eguraldiak ere baldintzatuko du.

Bai, aurreko egunean egiten duen eguraldiak asko baldintzatzen du jendearen parte-hartzea. Baina, iganderako eguraldi ona iragarri dute; hotza bai, baina euririk ez.

Zer moduzko osasuna du Azpeitiko Argazki Elkarteak?

Ona, hamabi lagun hor biltzen gara astero. Bestalde, gazte gutxi inguratzen da gurera eta hor hutsune handia ikusten dugu. Baina, bestela, Azpeitiko elkartea da urtean bi rally, udaberrikoa eta mendikoa, antolatzen dituen elkarte bakarra.

Argazki bilduma osatzen ari al zarete oraindik?

Horretan ari gara, baina oraindik lan handia geratzen da.