Jaialdiaren kronika apurtua

Urola Kostako Hitza 2007ko urr. 29a, 11:10
Miel Anjel Elustondo, hilaren 17an, Western Basque Festival liburuaren aurkezpenean, Donostian.

Western Basque Festival euskal jaia kontatu du Elustondok azken liburuan

"Zalantzarik gabe, AEBetako euskaldunen historian, Western Basque Feltival hura giltzarri izan zen, erabat" idatzi du idazle azpeitiarra liburuan (Urola Kostako Hitza)

1959an Nevadan (AEB) egin zen euskal jaiaren gainekoak jaso ditu Miel A. Elustondo idazle azpeitiarrak Western Basque Festival (Susa) liburuan. "Zalantzarik gabe, AEBetako euskaldunen historian, Western Basque Feltival hura giltzarri izan zen, erabat", idatzi du idazleak liburuaren hasieran.

Aurretik ere zer kontatua bazuen arren, Joseba Jaka V. literatur beka irabazi ostean hasi zen Elustondo liburua idazten. "1959an Reno eta Sparksen egin zen euskal jaialdia hartu dut nire idazlanaren gai eta helburu. Ez nintzen bila abiatu. Urteen joan-etorrian historia eta istorioek sustrai-erroak egin dituzte nire barruan; arbola egin ditut nik, eta horren fruitua ekarri dizuet liburu honetan", azaldu zuen idazle azpeitiarrak liburuaren aurkezpenean.

Batzuentzat kronika literarioa izan litekeen arren,Western Basque Festival "dokumentala" da liburuaren editore Gorka Arreserentzat, "gustura grabatuko genukeen dokumental bat". Baina, inbestigazio lan handia dagoenez liburuan, saiakeratik ere baduela aitortu zuen.

Egileak, ostera, "jaialdiaren kronika apurtua" hitzekin definitu zuen liburua: "Ez dut, zuzen, bildu dudan bezala kontatu, baina bai antzeko. Ez dut saio akademikoa idatzi, literario espekulatzailea baizik".

Nola adierazi AEBetako txoko batean, behin ere albiste ez den leku batean, orain dela 50 urte gertatutakoa? Horixe zen Elustondoren kezka nagusia liburua idazten hasi aurretik. Nahiko material pilatuta bazuen arren, ez zekien hitzez nola adierazi jaialdi haren muina, gaurko eta hemengo irakurleak ordukoaz eta hangoaz jabe zitezen. "Ez dut sinesten nik idatzitako testuak horretan inori lagunduko dionik. Are gutxiago, AEBetako udako euskal jaietan izan ez den inori. Nire uste harroa da jaialdi haietan izan den askori ere ez diola lagunduko, atzerrira joateko dugun joera handipuztu, azal eta ergelagatik, batez ere" adierazi zuen Elustondok.

Dena den, garai hartako testigantzez gain, agiriak, argazkiak edota euskal jaiaren egitaraua ere sartu ditu liburuan, irakurlearen argigarri.

Euskal jaiaren ideia Flora Agirreri otu zitzaion. Agirrek eta haren senar Dick Gravesek Nugget kasinoa ireki zuten 1955ean Sparksen eta hura aitzakia hartuta euskal jaia egitea erabaki zuten. Kasinoa egin eta hiruzpalau urtera zazpi lagun elkartu ziren han: Peter Echeverria senatari demokrata, Robert Laxat idazlea eta haren anaia John, Peter Supera, John Micheo, Martin Esain eta John Askuaga.

Deitu zituzten hainbat estatutako adiskide euskaldunak, gonbidatu zituzten Frank Grant Sawyer Nevadako gobernadorea eta Espainiako eta Frantziako enbaxadoreak Washingtonen: Jose Maria Areilza eta Herve Alphand, hurrenez hurren.

1959ko ekainaren 6 eta 7an lehenengo Western Basque Festival izenekoa egin zen Sparksen (Nevada), Reno ondoko herrian. 5.000-6.000 bat lagun bildu ziren, mendebaldeko lau kornerretatik etorriak. AEBetako euskaldunen ordu arteko ospakizunik handiena izan zen.

Harrezkero, Kalifornia, Idaho eta Nevadako herri askotan, euskaldunak urtero jaialdiak egiten hasi ziren. Gainera, euskaldunak AEBetako mendebaldeko talde etniko nabarmen bihurtu ziren garai hartan. 1959 baino lehen, nekez entzun zitekeen euskaldunen gaineko albisterik.

Etnozentrismoaren kontra

Jaialdiari dagozkion testuekin batera, urte hartakoak diren bestelako idazlanak ere tartekatu ditu Elustondok. Badaki AEBetako mendebaldean bizi diren euskaldunentzat gauza handia izan daitekeela 1959ko jaialdia: "Ekitaldi historikoa, euskaldun izateko modu baten hasiera". Baina gainontzekoentzat nolako garrantzia izan ote zuen galdetu zion bere buruari: "Haientzat ez besterentzat, ordea, gauza handia izan ote zen jaialdi hura?".

Galdera horri erantzun nahian, 1959an mundu zabalean gertatu zena gogoratu zuen idazleak, baita liburuan jaso ere: Marokok txikizioa egin zuen Rifen garai berean. AEBetan bertan, beltz arrazakoak beren eskubideen aldeko borrokan gogor ari ziren. Euskal Herrian, Marcel Queheille zuberotarrak besoak jaso zituen Baionan, tourreko etapa irabazita... "Etnozentrismoaren aurkako testuak dituzu, zilbor-zentrismoaren kontrako amorratuak", dio Elustondok.