Kirol Mahaiak lehentasunak finkatu eta aktak onartu ditu

Urola Kostako Hitza 2007ko urr. 26a, 11:10
Eskola kiroleko, kirol federatuko eta aisialdi kiroleko ordezkariak bildu ziren herenegungo batzarrean.

Kirol Mahaitik sortutako talde dinamizatzailea nork osatuko duen zehaztu dute, aisialdiko ordezkariak falta badira ere

Mahaiak aurrerantzean izango duen funtzionamendua ere zehaztu zuten (Urola Kostako Hitza)

Herenegun Kirol Mahaia elkartu zen udaletxeko Batzar Aretoan. Kirol Mahaia biltzen zen lehen aldia ez zen izan, ordea, herenegungoa. Izan ere, aurreko astean eskola kiroleko eta kirol federatuko ordezkariak bildu ziren. Bilera hartan lehentasunezko eginbeharrak zehaztu zituzten, eta mahaiaren aktak idatzi zituzten.

Aktak azalduz eta aurreko bileran adostutakoa jakinaraziz hasi zuen bilera Manuel Unanue Kirol batzordeburuak. Aktari bi puntu gehitu zitzaizkion: kirol elkarteen arteko harremana ona izan dadin ahaleginak egitea eta talde dinamizatzailearen betebeharrak zehaztea.

Aurreko bileran federatuek eta eskoletakoek hiru gabezia zehaztu zituzten: klubek duten formazio beharra; kirolerako medikuen beharra; eta klubek administrazio lanetan duten laguntza beharra. Mahai osatuta, gabezia hauek errazago gaindituko dituztela ere adierazi zuen Unanuek. Udaleko aurrekontuetako dirua nora bideratu ere mahai honetan erabakiko da aurrerantzean.

Kirol Mahaiaren funtzionamendua

Bileran, aurrerantzean Kirol Mahaiak izango duen funtzionamendua ere zehaztu zuten. Kirol Mahaian talde dinamizatzaileko ordezkariak aukeratuko dituzte. Kirol federatuko eta eskola kiroleko ordezkariak aukeratuta daude jada, baina oraindik aisialdiko kiroleko ordezkariak aukeratzea falta da.

Talde dinamizatzailean Kirol Mahaitik eta kirol elkarteetatik irtendako proposamenak aztertuko dituzte; eta, hortik, Udaleko Kirol Batzordera bideratuko dira proposamen edo eskaera horiek.

Kirol Mahaia urtean hiruzpalau aldiz bilduko da. Kirol Mahaitik irtendako talde dinamizatzailea, berriz, sarriago bilduko da. Mementoz azaroaren 7an biltzekotan geratu da talde dinamizatzailea, Udaleko Areto Nagusian, 20:00etan.

Aisialdikoen eskaerak

Aisialdiko kirolean ibiltzen direnentzat atzokoa kontu nahiko berria izan zen, aste honetan jakin baitute bilera honen berri. Hala ere, denak azaldu ziren Kirol Mahaian parte hartzeko prest, baita talde dinamizatzailerako bi ordezkari aukeratzeko ere.

Gainera, aisialdiko kirola egiten dutenak berehala hasi ziren azpiegitura eta instalazio aldetik dituzten arazoak jakinarazten: korrika egiteko pistarik ez dutela, herrian kirol mailan dagoen premia nagusia instalazioak hobetzearena dela...

Azkenean, bilera asko luza zitekeela eta, adostasuna lortutako puntuetatik pausoak ematen hastea erabaki zuten, eta pixkanaka beste beharrei tokia egiten joatea.

Kirol Mahaiaren funtzionamendua

Talde dinamizatzailea

  • Manuel Unanue. Kirol batzordeburua.
  • Jose Inazio Arellano. Lagun Onak Txirrindulari elkartea.
  • Jose Mari LarraƱaga. Lagun Onak Futbol Elkartea.
  • Mikel Labaka. Realeko jokalaria.
  • Jose Luis Zubizarreta. Iraurgi Saskibaloi Klubeko zuzendaria.
  • Joseba Lizarralde Rubio. Iraurgi ikastetxeko ordezkaria (Hiru ikastetxeetako ordezkaria izango da taldean).
  • Aisialdiko kiroletik bi ordezkari.

Erabakiak

  • Lehentasunak. Behar diren gauzen artean lehentasunak finkatzea.
  • Egutegia. Kirol taldeek kirol probak egun berdinean ez jartzeko, egutegia osatzea.
  • Kexak. Kexak jasotzeko e-mail helbide bat jarriko dute kirolguneetan.