Asteburuan musika eta zinema eskaintza

Uztarria.eus 2007ko urr. 25a, 17:10
Venezuelako Cantoria de Merida abesbatzak igandean eskainiko du kontzertua.

Triku Festa plazako karpan, kontzertu gehiago Gaztetxean eta larunbat eta igandean abesbatzen kontzertuak izango dira

Gaur, osteguna, eskainiko dute "mugarik gabe" zine zikloaren barneko aurreneko filma

Kultur eskaintza zabala dago prestatuta astebururako Azpeitiko txoko desberdinetan. Gaur, osteguna, Triku Festako kontzertuak izango dira plazan muntatu duten karpan. 21:30ean hasiko dira eta Gora Japon eta Bizarra taldeek joko dute. Igandera arte luzatuko da musikaren festa.

Larunbat eta igandean, berriz, Udazkenean Abesbatza ekimenaren baitan, abesbatzen kontzertuak izango dira Betharramdarretan. Larunbatean Oreretako Landarbaso abesbatzak kantatuko du eta igandean Venezuelako Cantoria de Merida abesbatzak. Bi emanaldiak 19:30ean izango dira.

Kontzertuekin jarraituz, Gaztetxean ere lekua izango du musikak. Iñigo Esnal zenaren omenezko kontzertuak prest daude. Larunbatean 19:00etatik aurrera, Hellbeer Boys, Ostiada oi, Never Surrender, Friday’s Crew, Semeputiek eta Mamones taldeek joko dute. Aurretik, 18:00etan luntxa egingo da Gaztetxera hurbiltzen direnen artean eta doan izango da.

Mugarik gabeko zinema

Musikaz gain, zinema arloan ere badago zer ikusia gaurtik hasita. Azpeitiko Zine Klubak antolatuta, Mugarik gabe zine zikloa gaur hasiko da 19:30ean eta 'Montaña de luz' eta La Chivichama filmek emango diote hasiera zikloari. Igandera bitartean, egunero eskainiko dituzte indigenek eginiko filmak.

Aldaketak Triku Festaren egitarauan

Triku Festaren antolatzaileek jakitera eman dute aldaketak izango direla larunbateko kontzertuetan. Lisabo taldeak joko du aurrena eta horren atzetik arituko dira T taldea eta Dj Ulea.

(Triku Festaren antolatzaileei egindako elkarrizketa)

(Joan den ostiralean aurkeztu zuten aurtengo Triku Festa)

(Triku Festako kontzertuak)