Diskoa grabatu dute Izer eta Alabierrek

Urola Kostako Hitza 2007ko urr. 25a, 11:10
'Alabier' azpeitiarra eta 'Izer' azkoitiarra diskoa eskuan dutela.

Hiru bikoterekin batera Faborez 1 pieza zaharren bilduma grabatu dute

Bihar, ostirala, aurkeztuko dute diskoa Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean (Urola Kostako Hitza)

Josu Arrizabalaga Izer eta Mikel Gorrotxategi Alabier trikitilari bikoteak bihar, ostirala, aurkeztuko dute Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean Faborez 1 diskoa, beste hainbat trikitilarirekin elkarlanean egindakoa.

Faborez 1 diskoan 20 trikiti pieza zahar biltzen dituzte, gaur egun plazetan dabiltzan trikitilariek jota. Era honetan, Izer eta Alabier bikoteak diskoko 5 kantu grabatu dituzte. Gainerako 15 kantak erromerietan ibiltzen diren beste hiru bikotek grabatu dituzte: 5 pieza Donostiako Estanga anai-arrebek grabatu dituzte; beste 5 Debako Jon Ostolaza eta Rakel Pujanak; eta beste bost Legazpiko Agurtzane eta Ion Elustondok. Lotuko piezak eta sueltokoak tartekatzen dituzte diskan.

Euskal Herriko Trikitilari Elkarteak Faborez 1 honetan belaunaldi berriko trikitilari gazteak eta errepertorio tradizionala batu nahi izan ditu.

.13 urte plazaz plaza

Izer eta Alabier trikitilari bikoteak abuztuaren 4an eta 5ean grabatu zuen beraien zatia. Bien artean aukeratu dituzte bost piezak.

Mikel Gorrotxategi 'Alabier'-ek azaldu zuenez, "Trikiti elkartekoak beraiek etorri ziren gugana, eta diskan parte hartzea proposatu ziguten. Jarri ziguten baldintza bakarra pieza zaharrak aukeratzea izan zen".

Bakarka disko bat grabatzea gustatuko litzaiekela baina ahalegin handirik ez dutela egin ere azaldu zuen Alabierrek; Kupela, Laja, Imuntzo eta Beloki... moduko trikitilari ezagunak izan ezean diskografika gutxi ausartzen baitira trikitilari gazteen lanak eta trikitia argitaratzen.

.13 urte daramatza bikoteak plazaz plaza erromeriatan. Hasieran, "inguruko auzoetan-eta musu-truk ibiltzen ginen erromeriatan; baina orain Nafarroako, Arabako eta Bizkaiko plazetara ere joaten gara". Udan gelditu gabe ibiltzen dira; negu aldean ere beti izaten dute zilarrezko ezteiren bat edo kinto afariren bat.

Gustuko plazaren izenik ez dute eman nahi, baina gustura dabiltza "dantzarako joera berpizten" ari dela eta.

Urte hauetan pasadizo ugari izan dituzte: "Behin, panderorik gabe joan ginen erromeria batera, eta gero hango ume batenarekin moldatu ginen".