Bengoetxea eta Bereziartua: "Eskatzen dena ekartzea baino gehiago da ezezaguna proposatzea"

Urola Kostako Hitza 2007ko urr. 24a, 11:10
Aitor Bengoetxea eta Aitor Bereziartuak Triku Festa iragartzen duen kartela atzean dutela.

Triku Musika Elkartekoak Triku Festarako azken prestaketetan dabiltza

Aitor Bengoetxeak "Ondarruk" eta Aitor Bereziartuak "Atxuiyak" aurtengo jaialdiaz hitz egin dute (Urola Kostako Hitza)

Aitor Bengoetxea (Azpeitia, 1981) eta Aitor Bereziartua (Azpeitia, 1971) azken asteetan buru-belarri aritu dira Triku Festa antolatzen eta orain, azken ukituak ematen ari diren honetan, emaitzak ikusteko gogoz daude.

Nolatan hartu duzue aurtengo Triku Festie antolatzeko ardura?

Bengoetxea: Guk T taldean jotzen dugu eta Triku Musika Elkarteko partaide gara. Elkartean beti jartzen da mahai gainean nork antolatu nahi duen Triku Festa eta haiek erabakitzen dute nola antolatu. Eta urtero arduradunak aldatzean, hankaz gora jartzen da aurreko urtekoa.

Triku Festa antolatzeaz gain, kontzertua ere emango duzue. Zein da T taldearen ibilbidea?

Bengoetxea: 2004an hasi ginen. Gero, autoekoitzitako diska bat grabatzen aritu gara.

Bereziartua: Orain arte, sei bat kontzertu eman ditugu. Hasi ginenean maketa bat grabatu genuen, hamar abestikoa. Gabonak alderako autoekoitzitako diska bat ari gara prestatzen. Triku Festarako ez dugu amaitu, baina 3 abestiko KD bat kaleratuko dugu.

Eta Triku Festako kontzertuan, zerbait berezia egiteko asmoa al duzue?

Bereziartua: Berezia hori, abesti berriak joko ditugula.

Bengoetxea: Berezia izango da baita ere, gure lehen kontzertua, 2004an, Triku Festan eman genuelako, eta gure lehen diskoa ere Triku Festan aurkeztuko dugulako.

Zer moduz ostiraleko aurkezpena?

Bengoetxea: Ondo joan zen. Formato txikikoa izan zen. Aste honetan etorriko den karparen eta beste gauza potoloagoen aurrerapen bat izan zen.

Eta jendeari gustatu al zitzaion Re:Mapa_Izarraizpe?

Bengoetxea: Gabonetarako prestatuko dugun proiektu baten aurkezpena izan zen; Azpeitiko soinu mapa, eta soinu horien gainean eraikitako doinuak bilduko dituen proiektua da. Aurtengo Triku Festan saiatu gara musikaren eta soinuaren ingurukoak diren, baina kontzertu bezala sailkatu ezin diren emanaldi batzuk ere sartzen.

Bereziartua: Triku Festa ez dugu kontzertuetara mugatu nahi, baizik eta musikaren inguruko gauzak ere txertatu nahi ditugu jaialdian. Hitzaldiak, laburmetraiak, filmak, antzerkiak, tailerrak... sartu nahi ditugu.

Zein da une honetan Azpeitiko musika taldeen eta musikarien egoera?

Bengoetxea: Triku Musika Elkartean bilduta gaude Urrestillako musika talde guztiak. 14 bat talde-edo gaude; batzuk bakarka, besteak taldean. Eta musika estilo guztiak lantzen ditugu.

Bestela, 19 urte bete dira Udalak Urrestillan lokalak eman zizkigunetik. Hasieran talde gutxi ginen, baina orain bete samarra dago lokala eta azpiegiturak hobetzea komeniko litzateke.

Bereziartua: Jendeak bere lana kanpora ateratzeko bideak zailagoak dira, ez gaudelako profesional mailan, talde afizionatuak garelako.

Bengoetxea: Bestetik, taldeetan ez dago neskarik. 20 urtean neska bat edo bi bakarrik pasatu dira Urrestillatik. Eta ez dugu ulertzen, umetan musika eskolan-eta, neska gehiago ibiltzen baitira musika ikasten.

Triku Festak zer ekartzen die hemengo taldeei?

Bereziartua: Aukera bat sortzen da, batetik, Triku Festan bertan jotzeko. Gero, bestaldetik, behar ekonomikoak asetzeko bide bat ere bada. Izan ere, taldeek jaialdian zehar dirua irabaziko dute; ez jotzen bakarrik, baita antolatzen jardunda, barran egonda edo dendan egonda. Gainera, kanpoko jendea eta, batez ere, musikariak ezagutzeko topagunea ere bada. Izan ere, gero harremanak sortzen dira kanpoko talde horietakoekin.

Bengoetxea: Beste talde batzuk nola egiten duten lan eta nola ateratzen dituzten beraien lanak ikusten dugu, eta gero trukeren bat egon daiteke. Beste diskografikak ezagutzen ditugu, alegia. Eta Triku Elkartearentzat erakusleiho bat ere bada.

Inoiz ez dugu dirua irabazteko egiten, normalean berdintzea lortzen dugu. Gehiago da urteko anbizioak eta gogoak bideratzeko jaialdia.

Zein irizpideren arabera aukeratzen dituzue taldeak?

Bengoetxea: Aukeratzen diren taldeak ez dira plaza betetzeko helburuarekin aukeratzen. Guretzat artistikoki interesgarriak diren taldeak ekartzen ditugu; izatez festetan edo larunbatetan Azpeitira ekarriko ez lituzketenak; betikoak ez direnak, zirkuitu ez komertzialekoak. Guretzat, karpan jendea ezin sartuta egotea ere ez litzateke lorpen bat izango, musika komertzialegia eta ezagunegia ekartzen ari garela pentsatuko genuke.

Bereziartua: Gainera, azken urteetan kanpoko taldeek ere jo dute gugana, Triku Festan parte hartzea nahi dutela eta. Guk kanpoko taldeei eta bertakoei antzeko baldintzak jartzen dizkiegu; agertokiak talde denak berdintzea nahi dugu. Tratuan gertutasuna erakusten saiatzen gara, taloitik kanpoko baldintzak hobetzen.

Bengoetxea: Guk kultoko talde onak ekarri nahi ditugu. Jendeak eskatzen duena ekartzea baino gehiago da ezagutzen ez dituen taldeak proposatzea.

Aurtengo Triku Festa, ostiraletik aurrera

Multimedia saioak gehituko zaizkio musikari Triku Festan