Psikomotrizitate ikastaroak maiatzera arte Iraurgi Ikastetxean

Iraurgi Ikastetxea 2007ko urr. 19a, 11:10

Hiru eta sei urte bitarteko haurrentzako izango dira saioak eta 15 ikaslez osatutako bi taldetan banatuko dira

Asteazken eta ostegunetan egingo dira; 17:00etan hasi eta 18:15 bitartean

Iraurgi ikastetxeak hasi berri den 2007/08 ikasturte honetan Haur Hezkuntzako bere ikasleentzat eskolaz kanpoko ekintza berri bat eskaini du, Psikomotrizitatea. Joan den asteazkenean, urriaren 17an, hasi ziren saioak eta maiatza bitartean luzatuko dira.

Psikomotrizitatea lantzea ez da berria ikastetxean, urteetan zehar lantzen baitute Haur Hezkuntzan eskolako ordutegiaren barruan. Baina ekintza honek haurren garapen sozio-emozional egokirako duen garrantziaz ohartuta, ikastetxeak eskolaz kanpoko ekintza bezala eskaintzea garrantzitsutzat jo du.

Horrela, hiru eta sei urte bitarteko haurrek asteazken eta ostegun arratsaldetan, 17:00etan hasi eta 18:15 bitartean, 15 ikaslez osatutako bi taldetan psikomotrizitate saioak lantzeko aukera izango dute.

Uda honetan ikastetxeak Haur Hezkuntzako eraikuntzan egin dituen berrikuntzak aprobetxatuz, haurrak saioak hasi eta bukatzeko psikomotrizitate gelaren alboan egin berri diren bi geletako batean bilduko dira. Gela hau psikomotrizitatekoarekin zuzenean lotuta dagoenez, asteroko saioaren harrera eta agurra egiteko erabiliko dute. Saioak, berriz, psikomotrizitate gelan bertan egingo dituzte, horretarako beharrezkoak diren material eta dinamizazio egokien laguntzaz.

Haurrak nortasuna eraikitzen

Adin hauetako haurrak euren nortasuna eraikitzen ari dira eta gorputzaren mugimenduaren eta jolasen bidez adierazten dituzte euren fantasmak, beldurrak, ezintasunak, emozioak eta gabeziak besteak beste. Horrela, saio hauen helburua, eskolako ordutegiaren barruan egiten direnekin batera prebentiboak izatea litzateke. Hau da, haurrak ager ditzakeen egoera bereziak edo eta gabeziak (autonomia baxua, amarekiko lotura estuegia, agresibitatea, erlazionatzeko zailtasunak, hizkuntza-arazoak, hiperaktibitatea, urduritasuna…) detektatu eta bideratzea.

Gurasoekin eboluzioaren jarraipena

Eskaintza honen baitan, haurrekin asteroko saioetan zuzenean lan egiteaz gain, gurasoekin hainbat bilera ere egingo dira, ikasturtean zehar euren seme-alaben eboluzioaren jarraipenaren berri izan dezaten.