Kasinoa aitzakia, euskal jaia helburu

Berria (Arantzazu Muñoa) eta uztarria.com 2007ko urr. 18a, 14:10

Western Basque Festival, 1959ko AEBetako euskal jaiaren kontaketa kaleratu du Miel A. Elustondok

Berria egunkariak zekarren gaur, osteguna, albistea (Berria)

1959an Nevadan (AEB) egin zen euskal jaiaren gainekoak jaso ditu Miel A. Elustondok Western Basque Festival (Susa) liburuan. "Zalantza izpirik gabe, AEBetako euskaldunen historian, Western Basque Feltival hura giltzarri izan zen, erabat", idatzi du idazleak liburuaren hasieran.

Aurretik ere zer kontatua bazuen arren, Joseba Jaka V. literatur beka irabazi ostean hasi zen Elustondo liburua idazten. "1959an Reno eta Sparksen egin zen euskal jaialdia hartu dut nire idazlanaren gai eta helburu. Ez nintzen bila abiatu. Urteen joan-etorrian historia eta istorioek sustrai-erroak egin dituzte nire barruan, arbola egin ditut nik, eta horren fruitua ekarri dizuet liburu honetan", azaldu du idazle azpeitiarrak liburuaren aurkezpenean.

Batzuentzat kronika literarioa izan litekeen arren,Western Basque Festival "dokumentala" da liburuaren editore Gorka Arreserentzat, "gustura grabatuko genukeen dokumental bat". Baina, inbestigazio lan handia dagoenez liburuan, saiakeratik ere baduela aitortu du.

Egileak, ostera, "jaialdiaren kronika apurtua" hitzekin definitu du liburua: "Ez dut, zuzen, bildu dudan bezala kontatu, baina bai antzeko. Ez dut saio akademikoa idatzi, literario espekulatzailea baizik".

Nola adierazi AEBetako txoko batean, behin ere albiste ez den leku batean, orain dela 50 urte gertatutakoa? Horixe zen Elustondoren kezka nagusia liburua idazten hasi aurretik. Nahiko material pilatuta bazuen arren, ez zekien hitzez nola adierazi jaialdi haren muina, gaurko eta hemengo irakurleak ordukoaz eta hangoaz jabe zitezen. "Ez dut sinesten nik idatzitako testuak horretan inori lagunduko dionik. Are gutxiago, AEBetako udako euskal jaietan izan ez den inori. Nire uste harroa da jaialdi haietan izan den askori ere ez diola lagunduko, atzerrira joateko dugun joera handipuztu, azal eta ergelagatik, batez ere"; horrelaxe erantzuten die Elustondok bere galderei.

Dena den, garai hartako testigantzez gain, agiriak, argazkiak edota euskal jaiaren egitaraua ere sartu ditu liburuan, irakurlearen argigarri.

Euskal jaiaren ideia Flora Agirreri otu zitzaion. Agirrek eta haren senar Dick Gravesek Nugget kasinoa ireki zuten 1955ean Sparksen eta hura aitzakia hartuta euskal jaia egitea erabaki zuten. Kasinoa egin eta hiruzpalau urtera zazpi lagun elkartu ziren han: Peter Echeverria senatari demokrata, Robert Laxat idazlea eta haren anaia John, Peter Supera, John Micheo, Martin Esain eta John Ascuaga.

Deitu zituzten hainbat estatutako adiskide euskaldunak, gonbidatu zituzten Frank Grant Sawyer Nevadako gobernadorea eta Espainiako eta Frantziako enbaxadoreak Washingtonen: Jose Maria Areilza eta Herve Alphand, hurrenez hurren.

1959ko ekainaren 6 eta 7an lehenengo Western Basque Festival izenekoa egin zen Sparksen (Nevada), Reno ondoko herrian. 5.000-6.000 bat lagun bildu ziren, mendebaldeko lau kornerretatik etorriak. AEBetako euskaldunek ordu arte burutu zuten ospakizunik handiena izan zen.

Jaialdi harrezkero, Kalifornia, Idaho eta Nevadako herri askotan, euskaldunak urtero jaialdi haren antzekoak egiten hasi ziren. Horrekin batera, euskaldunak AEBetako mendebaldeko talde etniko nabarmen bihurtu ziren. 1959 baino lehen, nekez entzun zen euskaldunen gaineko albisterik.

Etnozentrismoaren kontra.

Jaialdiari dagozkion testuekin batera, urte hartakoak diren bestelako idazlanak ere tartekatu ditu Elustondok. Badaki AEBetako mendebaldean bizi diren euskaldunentzat gauza handia izan litekeela 1959ko jaialdia: "Ekitaldi historikoa, euskaldun izateko modu baten hasiera". Baina gainontzekoentzat nolako garrantzia izan ote zuen galdetu dio bere buruari: "Haientzat ez besterentzat, ordea, gauza handia izan ote zen jaialdi hura?".

Galdera horri erantzun nahian 1959an mundu zabalean gertatu zena gogoratu du idazleak eta baita liburuan jaso ere: Marokok txikizioa egin zuen Rifen garai berean. AEBetan bertan, beltz arrazakoak beren eskubideen aldeko borrokan gogor ari ziren. Euskal Herrian, Marcel Queheille zuberotarrak besoak jaso zituen Baionan, tourreko etapa irabazita, ... "Etnozentrismoaren aurkako testuak dituzu, zilbor-zentrismoaren kontrako amorratuak", azaldu du Elustondok.

Elustondo kolaboratzaile

Miel Anjel Elustondok Uztarria herri aldizkarian kolaboratu izan du. 2002. urteko uztailean, Nevadan dagoen Inazio Olarreaga Gerri-ri egindako erreportaia argitaratu genuen. Elustondori buruz ere idatzi zuen Uztarria berak, Ameriketara egiten zituen bidaiak zirela eta.