EAJ: "Haserrea eta erabateko gaitzespena egiten diogu Batzokian Espainiako bandera ipini izanari"

Uztarria.eus 2007ko urr. 17a, 12:10

"Burugabe" batzuek egiten dituzten erasoen artean, joan den astekoa "beste bat gehiago" izan dela azaldu du

"Ahal bezain azkarren, herri bezala identifikatzen gaituen ikurrina itzultzeko" eskatu diete "lapurtu zutenei"

"Haserrea eta erabateko gaitzespena egiten diogu Batzokian Espainiako bandera ipini izanari". Hala adierazi du Azpeitiko EAJk gutun baten bidez lehengo osteguneko gertaerari. "Burugabe" batzuek egiten dituzten erasoen artean, joan den astekoa "beste bat gehiago" izan dela azaldu du. "Orain artean, erasoak, margoketa, irain eta bortxa fisikoak izan ohi ziren. Oraingoan urrunago joan dira eta gure bandera nazionala, ikurrina, zikindu egin dute, jabetza pribatuan sartu dira eta besteen jabetzak lapurtu dituzte".

Ekintza burutu zutenei "bidea hori ez" dela esan die EAJk. "Hitza, akordioa eta pertsona guztien eskubideekiko errespetua da soluzioa". Horrez gain, "gisa honetako gertakaririk berriro gertatu ez dadin nahi dugu, eta ahal bezain azkarren, herri bezala identifikatzen gaituen ikurrina itzultzeko" eskatu diete "lapurtu zutenei".

Joan den ostegun iluntzean jarri zuten Espainiako bandera Batzokian, eta Segi gazte erakundeak hartu zuen beregain ekintza.