Iparragirre Espainian epaitu nahian

Urola Kostako Hitza 2007ko urr. 17a, 11:10

Euroagindua eskatu du Audientzia Nazionalak Iparragirre epaitzeko

Atzo, asteartea, deitu zuten epailearen aurrean deklaratzera (Urola Kostako Hitza)

Iker Iparragirre Galarragarentzat euroagindua eskatu du Espainiako Audientzia Nazionalak. Atzo deitu zuten Iparragirre epailearen aurrean deklaratzera, 09:00etan.

Epaiketan Espainiako Audientzia Nazionaleko Fiskalak eta Iker Iparragirrek egin zituzten adierazpenak. Fiskalak Frantziako Estatuari Iparragirre Espainian epaitzeko eta bere zigorra Espainian betetzeko baimena eskatu zion. Iparragirrek ere egin zituen adierazpenak eskaera honen aurrean: "Frantziak Espainiaren esku utzi izan dituzten euskal militanteak torturatuak izan dira. Bada garaia errepresioaren bidea utzi eta konponbidearen bideari heltzeko, Euskal Herriaren hitza eta erabakia errespetatzeko. Bai Espainia bai Frantzia inplikatuta daude gatazkan" azaldu zuen gaztelaniaz; itzultzaile batek ulertarazi zion epaileari Iparragirrek esandakoa.

Iparragirreren abokatuak atzokoan epaiketara agertzerik izan ez bazuen ere, defentsa idatzia egin zuen epaiketarako. Atzokoan ez zen epairik eman, oraingoz epaiaren zain geratu da auzia. "Horrelakoetan ohi denez, epaia datorren astean jakinaraztea espero dugu" azaldu zuen Yolanda Molina abokatuak. Epaia baiezkoa bada Iparragirre Espainian leporatzen dizkioten delituengatik epaitzera ekarriko dute.

Lagunek, tentsio uneak

Iparragirrerentzat euroagindua eskatu zutela eta, epaiketa izango zela jakin zutenean hainbat lagunek Iparragirre ikustera eta babesa ematera joatea erabaki zuten.

Iparragirre "gogor" ikusi dutela adierazi zuten lagunek. Hori bai, elkar ikusi zutenean eta agurtzen hasi zirenean jendarmeekin tentsio uneak izan zituztela ere salatu zuten; jendarmeak gainera oldartu zitzaizkiela salatu zuten. Arratsalderako itzulera trena hartu zuten lagunek eta senideek eta iluntzerako Azpeitian ziren.

Iker Iparragirrek 2005eko otsailean ihes egin zuen eta 2007ko uztailera arte sasian izan da; orain Bois d'Arcy espetxean dago, Frantzian.

Azpeitiko presoak, deportatuak eta iheslaria

Presoak
- Juan Carlos Arruti. (Paterra) Puerto Santa Maria I (Espainia) kartzelan daukate preso, Azpeititik 1.070 kilometrora. 1989ko irailean atxilotu zuten.
- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten.
- Xabier Etxeberria. (Txapi) Mureten (Frantzia) preso, 350 kilometrora. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten.
- Jabi Agirre. Poisin (Frantzia) preso, 950 kilometrora. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten.
- Joseba Segurola. Osnyn (Frantzia) preso, 880 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
- Jose Antonio Cau Aldalur. La Santen (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2006ko ekainean atxilotu zuten.
- Garikoitz Etxeberria. (Kafe) Bonxen (Galizia) preso, 665 kilometrora. 2007ko otsailean atxilotu zuten.
- Iker Iparragirre. Bois D'Arcyn (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2007ko uztailean atxilotu zuten.
- Mikel Zubimendi. Valdemoron (Espainia) preso, 470 kilometrora. 2007ko urrian atxilotu dute. Bergarakoa da sortzez; azkeneko pare bat urtean Azpeitian bizi zen.

Deportatuak
- **IƱaki Etxarte.** Kuban deportatuta.
- Maria Angeles Artola. Venezuelan deportatuta.

Iheslaria
- Juan Manuel Bereziartua. (Pakea)