Lau abesbatza izango dira Udazkenean Abesbatzak zikloan

Urola Kostako Hitza 2007ko urr. 16a, 13:10
Ordiziako Santa Ana abesbatzarekin hasiko da Udazkenean Abesbatzak zikloa, larunbat honetan.

Larunbatean hasiko da, 19:30ean

Bi asteburutan Euskal Herriko hiru abesbatza eta Venezuelako abesbatza bat etorriko dira (Urola Kostako Hitza)

Urrian sartzearekin batera, aurten ere iritsi da Udazkenean Abesbatzak zikloa. Larunbatean, urriaren 20an hasiko da eta urriaren 28a bitartean hainbat abesbatza igaroko da herritik.

Urtetik urtera gero eta entzute handiagoa duen zikloan, urteroko emanaldietan parte hartzen duen Julian Barrenetxea abesbatza azpeitiarrari, aurtengoan Ordiziako Santa Ana abesbatza, Errenteriako Landarbaso abesbatza eta Venezuelako Cantoria de Merida abesbatza batu zaizkio.

Betharram aretoan izango dira abesbatzen emanaldiak, iaz heldutako bideari jarraituz. Zikloaren lehendabiziko urteetan emanaldiak Azpeitiko elizetan izaten baziren ere, Betharram aretoa hartu dute oraingoz agertoki moduan.

Abesbatzen ziklo honen zeregin nagusia munduan zehar dabiltzan abesbatzen erakusgai izatea da; beti ere, ingurukoak, Azpeitiko abesbatza barne, ahaztu gabe.

Emanaldi bakoitzaren errepertorioa ere zehaztuta dute Euskal Herriko abesbatzek; gehienek polifonia erlijiosoaz, polifonia profanoaz eta polifonia folklorikoaz osatutako kantutegia aurkeztuko dute. Denak saiatu dira, hasi tradizioko kantuetatik, eta gaur egunekoetarainoko kantutegia osatzen.

Urriaren 20, 21, 27 eta 28an da hitzordua, 19:30ean.