Irakasleak trebatzeko zentroa irekiko du Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak Esklabetan

Urola Kostako Hitza 2007ko urr. 11a, 11:10
Manu Aurrekoetxea eta Koldo Tellitu Esklabetako jolastokian.

Urtebeteko hitzarmena sinatu dute eraikinaren jabeak eta biek

Euskal Herri mailako zentroa izango da (Urola Kostako Hitza)

Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko (EHIK) lehendakari Koldo Telletuk eta Luziano Soraluzek, Esklabetako eraikinaren jabeak, akordioa sinatu zuten atzo. Akordioaren bidez, urtebetean Ikastolen Elkarteak Esklabetako gelak erabiliko ditu irakasleei eta gurasoei formakuntza ikastaroak emateko.

Euskal Herri osorako ikastaroak eta mintegiak antolatuko dira aurten Esklabetan. Oraingoz zuzendaritza mintegiekin hasiko badira ere, orain arte hainbat ikastoletan ematen ziren mintegi eta ikastaro sorta handi bat pixkanaka Azpeitira ekarriko dute. 90eko hamarkadara arte herrialdeka antolatzen zituzten trebatzeko ikastaro hauek. 90eko hamarkadatik aurrera, ordea, formazio ikastaro hauek Euskal Herri mailan, hainbat ikastoletan, antolatzen hasi ziren. Aurten, ordea, egoitza hau izango dute ikastaroetarako.

Eskaintza irekia

Trebakuntza ikastaro hauek Ikastolen Elkarteko irakasleei, profesionalei eta gurasoei begira antolatzen badira ere, eskaintza formatiboa biztanleria osoari irekita dago, publikoa da. Era honetan, zein ikastaro izango diren begiratu eta beraietan izena eman nahi duenak ikastola.net helbide elektronikora jo besterik ez du.

Aurten gurasoei zuzendutako ikastaroak aurkeztuko dituzte berrikuntza bezala. Horrela, gurasoei guraso bezala umeak garatzen laguntzeko, euren burua garatzeko eta elkarteko kide bezala garatzen laguntzeko ikastaroak antolatuko dituzte Esklabetako gunean.

Ikastaro eta mintegi guztiak urtebete irauten dute; hori bai, gehienek hilean behin izango dira. Iaz, 3.000 matrikulazio izan zituzten ikastaro eta mintegi hauetan.

Manu Aurrekoetxea, Ikastolen Elkarteko prestakuntza arduraduna

"Oso gustura gaude akordioarekin; toki egokia da hausnarketarako"

Manu Aurrekoetxea (Dima, 1957) Ikastolen Elkarteko prestakuntza arduradunak Esklabetan ari da bertan eskainiko diren mintegiak koordinatzen.

Nolatan aukeratu duzue Azpeitia formazio zentroa irekitzeko?

Bada, aukera sortu zen hemen irekitzeko, eta Euskal Herri mailako zentroa izatean, nahiko erdian dago Azpeitia. Gainera, ongi komunikatua dago autopista aldetik. Bestalde, Azpeitiak badu tradizioa ikastolako formazio ikastaroetan; garai batean Antxieta etxean ere izaten ziren. Orain arte ikastoletan eman ditugu mintegiak eta behar genuen toki bat.

Eraikina lehen ere irakaskuntzan erabilitakoa da.

Bai, horregatik da egokia. Gainera, aparkaleku zabala du eta gela egokiak ditu. Egia esan, nahiko toki bukolikoa da, hausnarketarako egokia. Gu oso gustura gaude eraikin hau erabiltzeko aukera eskaini digutelako eta jabearekin lortu dugun akordioarekin. Gainera, egoitza honi bizitza emango diogu berriro ere.