Kilometroak 2007k Patxi Azkargorta omenduko du

Uztarria.eus 2007ko urr. 3a, 14:10

Bergarako Ikastolaren alde egindako lanagatik omenduko dute

Igandean Kilometroetara joateko autobusak antolatu dituzte Orkatz Kultur Elkarteak eta Ikasberri Azpeitiko Ikastolak

Igande honetan, urriak 6, ospatuko dute Bergaran ikastolen aldeko festa. Kilometroak 2007 jai honek Patxi Azkargorta omenduko du Bergarako Ikastolaren alde egindako lanagatik. Izatez, bergararra den arren, Azkargortak urte asko daramatza Azpeitian bizitzen, eta hemengo ikastolaren sortzaileetakoa ere izan zen. Igandean omenaldia egingo diote Bergaran.

Autobusak aterako dira herritik

Ikastolen aldeko jaira joateko autobusak antolatu dituzte Ikasberri Azpeitiko Ikastolak eta Orkatz Kultur Elkarteak. Anbulatoriotik aterako da Ikasberrik antolatutako autobusa, goizeko hamarretan, eta 19:00etan izango da itzulera. Ikastolan eman beharko da izena, ostiralean 13:00ak baino lehen. Orkatzek antolatutako autobusa plazatik abiatuko da 09:00etan, eta 21:00etan itzuliko da. Ostirala baino lehen eman beharko da izena Orkatzen bertan.

Mendiz joateko gonbita

Elgoibarko Morkaiko Mendizale Elkarteak bestelako proposamen bat egin du: Elgoibartik Bergarara mendiz iristea. Karakate, Hirukurutzeta eta Elosutik pasatuko da ibilbidea. Interesatuek igandean bertan goizeko zortzietan Elgoibarko plazara agertu besterik ez dute. Bergaratik Elgoibarrera buelta nor bere kontura izango da.