Rafael Rezabal: "Harri bat eskuan hartzean, hura erabili zuenarekin bat egiten dudala sentitzen dut"

Berria (Eider Goenaga) 2007ko urr. 2a, 12:10

Ekaingo margoak topatu zituen 1969an, Andoni Albizurirekin batera

Berria egunkariak Igandea gehigarrian elkarrizketa argitaratu du

Rafael Rezabalek 1969an, ekainaren 8an, Ekaingo margoak topatu zituen. Andoni Albizurirekin batera joan eta, txikia izanik, bera sartu zen lehenik koban. Oroitzapen bizia du egun hartaz, eta horrela gorde nahi du betiko.

Rafael Rezabalek (Azpeitia, 1930) ez du atsegin elkarrizketak eskaintzea. Kazetari eta komunikabide askori esan die ezetz. "Baina nik ez daukat kontatzeko ezer handirik", esan dio kazetariari, hitzordua jartzeko deitu dionean. Lasai dagoela dirudi elkarrizketa hastean, baina asperen egiten du galderak bukatzen direnean. "Hau lasaitua". Arkeologia afizio du Rezabalek, ez dio dirurik eman, sakelako zuloa handitzen ere lagundu dio afizio horrek. "Gure asmoa ez da inoiz dirua irabaztea izan, eta ezta fama lortzea ere", esan du. Agerikoa da hori, apenas hitz egiten duen lehen pertsonan. Baina Rezabalek badu zer kontatua. 1969an Ekaingo kobazuloa aurkitu zuen, Andoni Albizurirekin batera; bera izan zen milaka urtetan hango hormetako margoak ikusi zituen lehen pertsona.

Ia 40 urte dira Ekaingo haitzuloa topatu zenutela. Maiz joan al zara geroztik? Noiz izan zinen azken aldiz?

Orduantxe izan nintzen azkenekoz. Aurkitu ondoren beste pare bat aldiz-edo joango ginen, Joxemiel Barandiaranekin eta Jesus Altunarekin, eta baita lagunekin ere.

Ez duzu berriro joateko gogorik izan?

Ez nazazu tentatu. Izan dut gogoa, bai, askotan, baina nahiago izan dut ez joan. Hain zen ederra hura. Oso oroitzapen berezia dut, eta oroitzapen hori galtzeko beldur naiz. Pentsatzen dut berriro joanez gero orduko sentsazio hura ahuldu egingo dela. Koban sartu eta margoak ikustean egin nuen orroa... Ez, ez dut berriro joan nahi, sentimendu harekin gelditu nahi dut.

Aurkikuntza ez zen kasualitate hutsa izan. Zuek, Antxieta taldeko historiaurreko saileko kideak, xede horrekin ateratzen zineten mendira.

Bai, aztarnak bilatzera ateratzen ginen. Ekain aurretik, Errezil aldean koba gehiago ere topatu genituen. Zerbait aurkitzeko gogoa eta nahia hor zegoen. Gero, tokatu egin behar da. Asko ibilita ere, agian, ez duzu ezer topatzen, edo koba bat aurkitu arren, agian, ez du baliorik. Antxietak aztarnategi asko topatu ditu, batzuk balio handikoak, besteak gutxiagokoak. Balio handiena Ekainek du, baina Irikaitzeko aztarnategia ere bonba bat da. Lurrazalean dago, ez koba batean. Aurkikuntza handia da.

Mendira atera eta katak egiten zenituzten. Zer dira katak?

Mendian aztarnak bilatzeko egiten dira katak. Metro koadro bat hartu eta labana batekin, poliki-poliki, hamar bat zentimetro kentzen dizkiogu lurrazalari. Pazientzia handia behar da. Ez du edozeinek eramaten; belauneko jarri, poliki-poliki ibili, eta gehienetan ezer ez duzu topatzen. Guk garai hartan beldurrez ibiltzen ginen, zerbait hondatzeko beldurrez; presioa geneukan, Diputazioarena, Aranzadirena... Noski, ez dugu titulurik, ez gara profesionalak. Zerbait topatuz gero, laga egiten genuen, ez genuen ukitzen. Neurriak hartu, neurriak paperera pasatu, eta mapak egin ostean Aranzadira bidali.

Inoiz espero izan zenuten Ekaingoa bezalako aurkikuntzarik egitea?

Ez. Halere, gure helburua eta ametsa, pinturak aurkitzea baino gehiago, giza hezurrak aurkitzea izan da. Barandiaranek sartu zigun amets hori buruan. Hark askotan esaten zigun tresnak eta margoak dauden lekuan derrigorrean giza hezurrak ere egon behar direla. Horren bila ari ginela, Ekain topatu genuen. Giza hezurrak topatu izan ditugu, baina berriagoak, Burdin Arokoak. Paleolitokoak ez.

Ekainen sartu zinetenean, berehala konturatu zineten haren balioaz?

Bai azkar ere. Zulo txiki horretan sartu, zutik jarri eta biratzean, hortxe kristoren panela. Oraindik ikusi egiten dut. Nolako orroa egin nuen! Imajinazio handia genuen Andonik eta biok, eta harriei begira jartzean beti hartzen genien zerbaiten forma, lainoetan formak hartzen diren moduan. Baina margorik ez genuen topatu aurretik. Zoragarria izan zen. Ez dut berriro joan nahi, une hura gogoan gorde nahi dut.

Agian, erreplika ikustera joan beharko duzu.

Kapaz naiz ez joateko ere. Ez naiz halako ekitaldien zale. Agian, Andoniren andrearekin joan beharko dut, hari laguntzera. Baina ez gogoz. Ni ez naiz halakoen zale, txoko honetan [Antxietaren egoitzan] gustura egoten naiz ni, lanean.

Unescoren ordezkari bat izan da hilabete honetan Ekainen. Kobazuloa gizateriaren ondare izendatzea ari dira aztertzen.

Zerbait aditu dut, bai. Gauza garrantzitsua litzateke.

Milaka urtean inork zapaldu ez duen leku bat zapaltzea eta inork ikusi ez dituen margoak ikustea ez da nolanahikoa izango.

Bai, handia da. Badakizu zu zarela lehena. Birjina da. Eta soinu hori... Gu ez ginen kobazuloetan asko jaisten, baina nik gehien-gehiena hantxe gozatu izan dut, kobazulo baten isiltasunean, ilunean. Baina baita harri bat esku artean hartzean ere. Hau [suharri bat] eskuetan hartzean, hura landu eta erabili zuenarekin komunikatzen naizela sentitzen dut, harekin bat egingo banu bezala. Gero, kobazulora jaitsi eta bakar-bakarrik egotea ere ederra da. Sartu eta aldi berean kirola, zientzia eta mistizismoa egiten duzu. Zoragarria da uraren soinua entzutea, tak, tak, tak... Zaila da hitzekin azaltzea.

Nola topatu zenuten Ekain?

Izarraitz alde horretan maiz ibiltzen ginen katak egiten. Sastarraindik pasatzen ginenean, paraje ederra zela ikusten genuen, eta egokia zela historiaurreko gizakia bizitzeko. Ehizean-eta ibiltzen zirenean beti toki egokiena bilatzen zuten, eta Sastarrain gune ona zen. "Paraje ederra da hau, baina etorriko gara hurrengoan", esaten genuen. Buelta handia egin eta neka-neka eginda itzultzen ginen beti. 1969ko udaberrian, ekaineko egun batean joan ginen propio. Sastarrain baserriko etxekoandreak esan zigun baietz, bazegoela zulo bat.

Erraz topatu zenuten?

Topatu genuen behinik behin, sasi eta arbolekin dena hartuta. Txikia zen, metro bateko garaiera eta pare bat metro zabal. Sartu ginen, Andoni ezkerrera eta ni eskuinera. Harriekin estalitako zuloa ikusi, eta artzainen batek erabili izango zuela pentsatu nuen nik. Lehenengo harria kendu eta haize bolada bat entzun zen; beste bat kendu nuen gero, eta gero bestea, baina denak kendu aurretik, ezin eutsita, sartu egin ginen. Txikiena nintzenez, ni joan nintzen aurretik, arrastaka. Hamar bat metro egin, zutitu eta lehenengo galeria ikusi genuen.

Eta han agertu ziren zaldiak?

Ez, hor galeria handi bat zegoen, zaldiak gero topatu genituen. Koba, berez, ez da polita, zatarra da, ez du beste kobazulo batzuen edertasuna. Baina gero zaldiak ikusi genituenean...

Ez omen zineten gelditu kobazulo guztia ikusten. Zaldiak topatu eta korrika hanka egin omen zenuten.

Bai, bai, hori egia da. Margoak topatu eta ezin egon, ezin eutsi inori ezer esan gabe. Uste dut ez ginela egiten genuenaren jabe, emozio handia izan zen. "Ez zioagu inori esango", esaten genuen, baina taldekoengana jaitsi eta ezin izan genuen isilik gorde. Nola ez genien taldeko besteei esango? Batera ibiltzen ginen eta. Gero Altunari eta Barandiarani deitu genien, eta haiek ez zuten sinesten. "Askok deitzen digute, eta...". Ulertzekoa da. Baina azkenean etorri ziren. Sartu, eta Barandiaranek esan zuen: "Eskerrak Jainkoari, hau da hau gauza ederra eman didana ikusteko". Hunkituta zegoen.

Zuri nondik datorkizu arkeologiarako zaletasuna?

Hau zientzia berria da, ehun bat urte izango ditu. Hemen, Barandiaran, Aranzadi eta horiek hasi ziren, 1912an edo. Gaur oso zabalduta dago, baina gu hasi ginenean inork ez zuen ezagutzen. Koadrilan joaten ginen mendira orduan, eta ni beti lurrera begira. Markatutako harri bat topatu, eta halako eta halako zela esaten nienean, "hi kaskatua hago" erantzuten zuten. Ez zuten ulertzen. Ez du esan nahi haiek baino azkarragoa nintzenik, nik ere ez nuen ikasketarik, baina interes handia nuen historiaurrearekin. Asko irakurtzen nuen horretaz. Gero, Andoni ezagutu nuen. Antxieta taldean egin nuen bat harekin. Kultur arloan ibiltzen ginen lanean; musika, txistua, dantza, antzerkia... denetik lantzen genuen. Baina Andoniri eta niri historiaurrea, arkeologia asko interesatzen zitzaigun, eta horrela sortu genuen historiaurreko taldea.

Talde handia zineten?

Bai, baina horrelakoetan hasi jende asko hasten da, eta gero jendeak utzi egiten du. Jendea etorri etortzen da, baina iraun ez. Normala da, hemen ez dago sosik, lan boluntarioa da, eta konpromisoa eskatzen du. Baina eman ere egiten du, ederra da zure lanaren emaitzak ikustea, dirurik ez ikusi arren. Orain zortzi bat gaude taldean, eta gehienek urte asko daramagu.

Lehen igandero joaten zineten katak egitera. Jarraitzen duzue?

Bai, baina ni ez naiz hainbestetan joaten. Lan neketsua da, eta alfertuta nago agian. Baina oraindik ez dut barkatzen, tartean behin joaten naiz. Ez da erraza uzten. Eta egunero hartzen dut egunkaria halako aurkikuntzen bila. 1980tik sekulako aurkikuntzak egin dira, baina, noski, guk genituen baliabideekin baino hobeekin.

Zuek nola ibiltzen zineten, bada?

Linterna eta soka zahar batekin. Taldea sortu genuenean Udalak 15.000 pezeta eman zizkigun, eta harekin erosi genituen sokak eta materialak. Garai hartan diru asko zen. Gutxi behar genuen, mendiko botak jantzi eta aurrera. Gure poltsikotik ere asko jarri dugu, gure lanetik ateratakoa erabiltzen genuen afizioa ordaintzeko.

Horrela ibilita, inoiz sustoren bat izango zenuten, ezta?

Horixe. Andonik behin min hartu zuen Errallan, irrist egin eta erorita. Erraza izaten da irristatzea. Nik ere saihetsa hautsi nuen. Baina hobe hezur kontuez ez hitz egitea, mordo bat hautsi baititut nik. Baina mendian saihetsa bakarrik; besteak motoan ibilita hautsi ditut, edo bizikletan. Inauterietan, zezenak jo eta behatz bat ere apurtu nuen. Egon ezin direnetakoa izan naiz beti. Askotan pentsatzen dut nire adinarekin egoten ere ikasi beharko dudala, baina ezin.

Antxietak lan handia egin duela aitortu zuen Altunak elkarrizketa batean. Zenbat kobazulo eta aztarnategi aurkitu dituzuen badakizu?

Mordo bat, 80 bat izango dira. Garrantzitsuak gutxiago. Gehienak Neolito, Brontze eta Burdin Arokoak. Garrantzitsuak aurkitzeko, baina, garrantzi gabekoak ere aurkitu behar dira. Guretzat, garrantzitsuena, Ekain. Eta Irikaitz ere bai. Gero, Barandiaranek Amaldako haitzuloa topatu ondoren, inguruak miatzen beste pare bat ere topatu genituen. Guk pentsatzen genuen: «Batean aztarnak aurkitu badira, zergatik ez ondokoetan?» Historiaurrean ez zeukaten asko mugitzerik; Errallatik Ekainera, esaterako, 12 bat ordu behar izaten zituztela esaten dute, eta Ekainen ez ziren bizi, boladaka joaten ziren. Beraz, inguruan egon behar ziren aztarna gehiago.

Zuk topatutakoetan maiteena zein duzu?

Ekaingoa berezia da, baita Irikaitzekoa ere... Irikaitzen orain dela 150.000 urte inguruko aztarnak daude, eta tresnak topatu dira, baina orduko gizakiaren hezurrik ez, eta hori bihotzean dudan arantzatxoa da. Horrexekin hilko naiz.

1969an topatu zenuten Ekaingo leizea, oraindik Franco bizirik zela...

Ez hura aitatu. Ez ziren nolanahiko garaiak. Poliziak askotan gelditzen gintuen. Pentsa ezazu, garai haietan... aizkora, labana handi bat, denetik geneukan, eta nola azaldu hori poliziei? Baina bagenuen egiten genuen lanaren inguruko agiri bat, eta harekin salbatzen ginen. Behin, Azpeitiko seme bat bahitu eta gure koba ondoan eduki omen zuten. Kasualitatea. Pentsa, nolako kakalarria...

Jendearentzat ireki ez, eta Ekaingo margoak ondo mantentzea lortu da, ez dira ezabatu, beste hainbat kobatan gertatu bezala. Itxita edo irekita izatearen aldeko zara zu?

Nik uste dut jendeak baduela jatorrizkoa ikusteko eskubidea. Zergatik ez? Gaur egun ez al dago metodorik horiek jendeari ireki eta margoak ondo mantentzeko? Nik ez dakit, baina biderik baldin badago, nahiago dut jendeak ikusi ahal izatea. Hori bai, biderik ez badago, hobeto dago itxita, kobazuloetan astakeria handiak egin dira eta.

Orain Praileaitzen gaia dago pil-pilean. Harrobiarekin kobazuloari kalte egiten ari zaizkio, nabarmen.

Hor dirua dago, interesak daude, eta atzetik dirua dagoenean ezin da ezer egin. Ez dago batere sentsibilitaterik, hori da. Pena da, baina... Eta txarrena da horrek ez duela konponbide onik izango. Nahiago nuke deskuidatuta egongo banintz, baina ez dut uste. Eta Praileaitz oso garrantzitsua da.

Turista moduan kobazuloak bisitatzea gustatzen al zaizu?

Bai, lehengoan Arrikrutzera joan nintzen. Ederra da hura, geologia aldetik zoragarria da. Orain eskailerak-eta daude, baina ni gustura jaitsiko nintzateke behera, sokekin.

Motzean

Historiaurrea. Jakin-min handia, garai bateko gauzak ezagutzeko mina.

Arkeologia. Jakin-min hori gogobetetzen duena.

Andoni Albizuri. Katxo, lagunentzat. Niretzat, lagun handi bat. Ez dagoenetik faltan dut. 1983an hil zen. Oraingo aurrerapenekin asko gozatuko zuen.

Kata. Pazientziako lan handi bat, eta zerbait topatzen denean, poz iturri handia. Ez dago esaterik zer sentitzen den zerbait aurkitutakoan.

Joxemiel Barandiaran. Asko lagundu zigun bat. Gu denoi bidea ireki zigun gizon handi bat, ni bezala txikia izan arren.

Ekain. Bizi guztian hartu dudan poz handiena eman didan gauza bat, ahazterik nahi ez nukeena.