Lapatxen datorren astean hasiko dira San Markosko zaborra jasotzen

Uztarria.eus 2007ko ira. 28a, 12:09

Lapatxekin batera, Beasaingo Sasieta eta Zarauzko Urteta zabortegiek ere jasoko dute hango zaborra

"Lehengo astean emandako azalpenek bere horretan jarraitzen dute" dio Eizmendi Urola Erdiko Mankomunitateko jarduneko lehendakariak

San Markosko auzia nahikoa korapilotsua bihurtu da aspaldian. Gaur, ostirala, Diario de Noticias egunkariak zekarren berria: datorren astelehenean hasiko da Lapatx zabortegia San Markosko zaborra jasotzen. Lapatxekoarekin batera, Beasaingo Sasieta, eta Zarauzko Urteta zabortegiek jasoko dute San Markosko zaborrak aurreko legegintzaldian hala adostuta. Zaborra jasotzearen trukean, San Markosen 2009rako erraustegia egingo zuten Donostia aldeko hondakin guztiak jasotzeko.

Iragan maiatzean egin ziren udal eta foru hauteskundeetako emaitzek, hala ere, akordio hura zalantzan jarri zuten. Izan ere, EAE-ANV eta EBk lortu dute gehiengo osoa San Markosko Mankomunitatean eta horiek erraustegia egin bai hala ez hausnartzeko asmoa azaldu zuten. Jarrera horren aurrean, instituzio hartzaileetako lehendakariek mehatxu egin zuten San Markosen erraustegia egin ezean, ez zutela hango zaborra euren zabortegietan jasoko.

Julian Eizmendi da Urola Erdiko Mankomunitateko jarduneko lehendakaria eta berak esana da auzi honen inguruan ez dagoela berririk, eta indarrean jarraitzen dutela joan den asteko azalpenek. Eizmendik, Sasietako eta Urola Kostako lehendakariekin batera gutuna igorri zion joan den astean San Markosko presidenteari. "Azkenean erraustegirik ez badago, batetik besterako hondakin garraio solidariorik ere ez da egongo" adierazi zuten gutunean.

Zaborraren %100a aterako dute San Markostik

Oraingoz, zaborra ekartzen hasi egingo dira datorren astean. Hala, San Markosko zaborraren %100a garraiatuko da astelehenetik aurrera hiru zabortegietara. Donostian, Lezon, Oiartzunen, Usurbilen, Hernanin, Pasaian, Errenterian, Astigarragan, Urnietan, Lasarten, Irunen eta Hondarribian sortutako zaborra jasoko dituzte Lapatxek eta beste bi zabortegiek.