Airearen kalitateaz eta klima aldaketaz hausnartu dute

Urola Kostako Hitza 2007ko ira. 28a, 10:09
Izaskun Zeziaga da Azpeitiko Udaleko Ingurumen Teknikaria.

Bi gaien inguruko adituen hitzaldiak eta mahai-inguruak izan dira Ingurugiro Etxeak antolatutako jardunaldian

Izaskun Zeziaga: "Pentsaera aldaketa handia behar da gauzak aldatzen joateko" (Urola Kostako Hitza)

Panorama beltza. Horixe da atzo Azpeitian egin zen Airearen kalitateari eta klima aldaketari buruzko jardunaldian ateratako ondorioa. Baina apokaliptikoentzako lekurik ez zen izan mintegian. Egoerak atzerabueltarik ez badu ere, eragin kaltegarri horiek arindu daitezkeela ere ondorioztatu zuten Enparan Dorretxean bildutako adituek.

Lotuta dauden bi gai dira airearen kalitatearena eta klima aldaketarena. Biek ala biek dute zuzeneko zerikusia ekonomiarekin, ingurumenarekin eta osasunarekin. Arazo handiak izanda ere, "tokiko erantzunek eta behetik gora planteatutako irtenbideek, maila globalagokoek baino eraginkortasun handiagoa" izango dutela iritzi dio CEAM Fundazioaren Zuzendari Millan Millanek.

Aire kutsatua, hilgarri

Airearen kutsadurak sortutako arazoek 310.000 hildako eragin zituzten iaz Europan. Espainian, berriz, 6.000; auto istripuen ondorioz gertatutako heriotzen kopuru bikoitza, hain zuzen ere. "Airearen kutsadurak hil egiten du, baina gobernuek ez dute prebentzio kanpainarik egiten", azaldu zuen Julio Diaz Jimenezek, Madrilgo Unibertsitate Autonomoaren Fundazio Orokorreko aholkulariak.

Klima aldaketari dagokionez, arazoa martxan dagoela eta etorkizuneko hipotesi bat ez dela argi utzi zuten adituek. "Aldaketaren hasieran gaude eta ezin da atzera egin, efektu fisikoen inertziak ehunka urte iraungo du; moldatzea besterik ez zaigu geratzen", esan zuen Diaz Jimenezek.

Hondamendi natural bortitzagoei eta ugariagoei, gaixotasunen hedatzeari, migrazioei eta hainbat arazori aurre egin beharko diegu aurrerantzean. Diagnosia egina dago, eta hori da sendabidea emateko urratsik garrantzitsuena.

Izaskun zeziaga. Azpeitiko udaleko ingurumen teknikaria

"Pentsaera aldaketa handia behar da gauzak poliki-poliki aldatzeko"

Ingurugiro Etxeko jarduneko zuzendari eta Udaleko Ingurumen teknikari Izaskun Zeziaga (Bergara, 1961) aritu da Azpeitiko jardunaldia antolatzen.

Egia al da aireari dagokionez Azpeitia Gipuzkoako herririk kutsatuenetakoa dela?

.11 herrietan egiten dira neurketak, eta horietatik ez gara txarrenetakoak. 2005ean egin zen diozun ikerketa hori Azpeitian, eta urte berezia izan zen hura metereologia aldetik. Horrek partikula kutsatzaile solidoen kontzentrazioa areagotu egin zuen. Hori kontrolatzen ari gara. Urteko batez bestekoa ez genuen gainditu, baina egunetakoa bai.

Zein da egungo egoera?

Nahiko ondo gaude, fokoak kontrolatuta daude. Errua beti industriari botatzen badiogu ere, trafikoarena arazo inportantea da memento honetan. Enpresen kutsadura txikitzen doa, baina trafikoarena eta etxeko kontsumoak eragindakoa goraka doaz. Hor zeregin handia daukagu.

Zein izango da gakoa?

Pentsaera aldaketa handia behar da gauzak poliki-poliki aldatzeko. Jendea kontzientzia hartzen hasita dago, baina autoa lagatzea oso zaila da, etxean 22 gradotan egotea oso erosoa da... Adibidez, bizi garen lekuan udan aire egokitua izatea ez dago justifikatuta, nire ustez. Horrek prezio handia dauka eta ez gara ohartzen.