San Martin egoitzakoak txangoan

Uztarria.eus 2007ko ira. 26a, 14:09
San Martin egoitzako egoiliarrak eta boluntarioak Madalenako kapilara egindako ibilaldian.

Soledadeko kapera eta Madalenako kapila bisitatu dituzte

San Martin Astea azaroaren 5etik 11ra egingo dute

San Martin egoitzakoak Azpeitiko txokoak bisitatzen ibili dira joan den astean eta aste honetan. Parrokian dagoen Soledadeko kapera eta Madalenako kapila bisitatu dituzte. Bi txandatan banatu dira 30 egoiliarrak. Hala, hilaren 20an egin zuten bisita bat, eta atzo, asteartea, bestea. Bietan bazkalostean abiatu dira eta Madalenako kapilan boluntarioek antolatutako merienda dastatzeko aukera izan dute. Han, abestu, antzeztu eta beste hainbat ekimen egin dituzte eta 18:30ak aldera bueltatu dira egoitzara.

San Martin Astea prestatzen

Urtero egin ohi dute egoitzan San Martin Astea eta aurtengoan ere ez du hutsik egingo. Dagoeneko hasita daude prestaketa lanekin eta datak ere finkatu dituzte: azaroaren 5etik 11ra izango da. Oraindik egitaraua guztiz zehaztu ez badute ere, jokoak, hitzaldiak, musika eta antzerakoak izango direla jakinarazi dute antolatzaileek. "Egoiliarrek poz handiarekin parte hartzen dute horrelako ekintzetan. Zerbait antolatzen dugun bakoitzeko, aurreko astetik bertatik ilusioa pizten zaie eta egun horren zain izaten dira" esan dute.