Iñaki Errazkin: "Lana izateaz gain, hau guretzat militantzia ere bada"

Urola Kostako Hitza 2007ko ira. 24a, 11:09
Iñaki Errazkin Azpeitiko udaletxean; oraindik ere "egokitze fasean" daudela dio.

Hiru hilabete daramatza Iñaki Errazkinek karguan

Herritarrek dituzten kezkei eta orain arteko gertakariei buruzko azalpenak eman ditu (Urola Kostako Hitza)

Azpeitiko alkate karguan hiru hilabete bete zituen lehengo igandean Iñaki Errazkinek (Azpeitia, 1975). Orain arteko gertakariez, herritarrek dituzten kezkez eta aurrera begira, alkate bezala, dituen egitasmoez azalpenak eman ditu.

Zer balorazio egiten duzu alkatetzan emandako hiru hilabete hauetaz?

Egokitze fasean gaude oraindik ere. Herritarren kezkak eta arazoak entzun eta Udalaren funtzionamendua ezagutzen jardun gara orain arte.

Hauteskunde kanpainaren hasieran, pentsa al zitekeen EAEk alkatetza lortzea?

Egia esan, gutxik pentsatuko zuten; neuk ere ez nuen gertagarria ikusten. Pentsa, bi hilebeteren gorabeheran legalitatean egongo ote ginen duda egitetik alkatetzan egotera pasa gara.

Zure ustez, jendeak onartu al du zure alkatetza?

Hori nik erantzuteko galdera zaila da. Baina lehen egun haietatik lasaitze bat eman da.

Ilegalizatuta izatetik alkate izatera pasa zara.

Bai, baina, dena dela, orain ilegalizazioaren kontua gaindituta dagoela pentsa badaiteke ere, ez da ahaztu behar Aldundirako bozketan, EAEri botoa eman zioten 2.291 azpeitiar ordezkaririk gabe geratu direla, eta inguruko hainbat herritan EAEren aukera ilegalizatuta dagoela.

Hor da oraindik ilegalizazioaren mamua. Arriskurik bai?

Bai, arriskuan, noski gaudela; baina beste gauza bat da horrek zer ondorio izango duen Udalean. Ilegalizazioa martxan jarriko balitz ere, horrek ez du esan nahi ordezkari edo zinegotzi garenok kargu hori galtzen dugunik. Ikusten da errepresioaren aldeko apustua egin dutela Espainiak eta beste hainbat eragilek. Hor dago Udalbiltzarekin gertatzen ari dena ere: Odriozolarentzat 10 urteko espetxe zigorra eskatzen du fiskalak.

Azkoitiko alkateak EUDELen parametroen arabera igo ditu soldatak. Zuek jaitsi. Eizmendiren ustez jaitsi aurreko soldata dagokio alkateari.

Bai, EAJren pentsaeraren arabera, enpresetako zuzendaritzako postuetan irabazten dena irabazi behar du alkate batek. Guri, ez zaigu irizpide hau iruditzen logikoena. Gu ez gara sartu politikan diru gehiago irabazteko, edo eta profesionalizatzeko. Guk lehenagoko soldatak mantenduko ditugu, militantzia pentsaerarekin eta beste lan bat egitea nahi dugulako sartu baikara hemen. Egia da lan honek dedikazio eta ordu kopuru handia eskatzen duela, baina guretzat lanaz gain militantzia ere bada. Ez dugu ulertzen "hainbesteko ardura eta hainbeste ordu, berdin, hainbesteko soldata" logikaren barruan.

Nola doa Etxebizitza beharraren diagnostikoa?

Horretan ari gara. Ohiko inkestez gain, Azpeitia Lantzen etxebizitzaren ingururuko harrera, informazio eta aholkularitza gune ere bihurtu nahi dugu.

Etxebaltz-Izarrako egitasmoa zertan dago?

Lizentzia guztiak emanda zeuden gu iritsi aurretik. Lehenago, hauteskunde bezperetan, lurra mugitzeko lizentzia eman zen. Lurra mugitu zen baina obraren esleipena eman gabe zegoen oraindik. Horregatik egon da denbora batez geldirik, baina ez guk gelditu dugulako. Orain obra martxan dago eta zerrendena eta zozketena, beste gauza batzuen artean, Eusko Jaurlaritza zerrenden alegazioak aztertzen eta erantzuten ari delako atzeratu da.

Noiz izango da zozketa?

Zozketa egiterako etxe hauen baldintzak adostu behar ditugu. Oraindik gauza batzuk lotzeko eta argitzeko daude etxe hauen sustatzaileekin. Horregatik, guretzat oso garrantzitsua da prozesu hau ondo egitea. Ez dugu nahi orain gauzak presaka egiteagatik gero arazoak sortzea.

Etxebizitzen alorrean zer proiektu gehiago nahi dituzue atera agintaldi honetan?

Udal Sustapeneko Etxebizitzen ordenantza ari gara prestatzen, etxebizitza hauen baldintzak eta prezioa babes ofizialekoenetara hurbiltzeko. Bestalde, solairuartekoen eta lokalen inguruko beste ordenantza bat atera nahi dugu. Alokairuaren inguruko esperientziak ere nahi ditugu abian jarri.

Azpeitia eta Azkoitia arteko saihesbidea egingo al da?

Saihesbidearena Aldundiaren erabakia da. Saihesbideak izango dituen bi zatietatik bat esleituta dago: Zapatari eta Landeta artekoa. Azpeitia eta Azkoitia artekoa da beste zatia. Guretzat, ordea, ibilbide hori ote den egokiena planteatu behar litzateke, proposamen egokiena aukeratzeko herri galdeketa bat eginez.

Eta Beasainerako, N-Ierako, autobidea. Zertan dago?

Proiektu hutsa da oraingoz N-Ieko loturarena. Guk zalantzak ditugu proiektu honetan. Guk azpiegituretan eta komunikazioan beste alternatiba batzuk ditugu mahai gainean: trena, garraio publikoa indartzea, bidegorriak...

Zein dira aipatu ez dituzun gainerako proiektuak?

Batzuk aipatzearren Corrugadoseko labeak Lasaora eramatea; adinekoentzako azpiegitura berriak Ðegoitza, eguneko zentrua eta apartamentu tutelatuakÐ jartzea; eta euskalgintza, herritarrak eta Udala lotzea aipatuko nituzke. Euskal Herri mailan, nazio eraikuntzara eta gatazkaren konponbidera begira lan egingo dugu.