Eizmendi: "ETA eta eraikuntza nazionala ez dira bateragarriak"

Uztarria.eus 2007ko ira. 20a, 13:09

Udalbiltza sortu zela zortzi urte bete dira aste honetan

Julian Eizmendi da EAJ eta EAren Udalbiltzako egungo zuzendaria

Udalbiltza sortu zeneko zortzigarren urteurrena aitzakia hartuta, Deia egunkariak elkarrizketa egin dio Julian Eizmendiri, EAJren eta EAren Udalbiltzako lehendakariari. "Euskal Herria nazio gisa existitzen dela baieztatu du Udalbiltzak eta eraikuntza nazionalaren alde lanean aritu da", azaldu du. Helburuak aurrera eramateko, indar abertzaleek bizi duten "zatiketak" nazio eraikuntzari onura txikia egiten diola dio. Dena dela, "kolaborazioa eta talde lana ETAren biolentziaren aurka argi azaltzen direnekin egin behar dugu", dio. "ETA da, gaur egun, nazio eraikuntzarako oztoporik handiena. ETA eta eraikuntza nazionala ez dira bateragarriak".

Aurrera begira, "zuzendaritza berritu beharra" dutela aitortu du Eizmendik. Urte honen bukaera aldera egingo duten batzarrean aldaketa hori adostuko dutela esan du.

Udalbiltza Lizarra-Garaziko akordioaren ondotik erakunde bateratu gisa sortu bazen ere, gaur egun zatitu dago. Hala, EAJ eta EA alderdietako zinegotziek osatzen dute bat eta ezker abertzaleko zinegotziek osatutakoa da bestea. Eizmendi Azpeitiko EAJko zinegotzia da euren Udalbiltzak daukan lehendakaria.