Esku hormako partidak daude bihar eta etzi

Urola Kostako Hitza 2007ko ira. 20a, 11:09
Ilunpekoak Gipuzkoako herri arteko partida batean.

Gipuzkoako elkarteen txapelketan jokatzen dute Ilunpe eta Ikasberri pilota elkarteak

Txapelketak abenduaren 30era iraungo du (Urola Kostako Hitza)

Asteburu honetan ere Gipuzkoako elkarteen arteko ezker hormako pilota txapelketa jokatuko da eta, bertan, Ilunpekoek eta Ikasberriko nagusiek hainbat partida jokatuko dute etxean eta kanpoan.

Bihar, 21:30ean, Ilunpeko nagusien mailako pilotariek Antiguoren aurka jokatuko dute. Ilunpeko kadeteek, berriz, Añorgakoen aurka jokatuko dute; bi partidak Frontoi Txikin izango dira.

Ostiralean jokatuko du jubeniletako lehenengo bikoteak ere Oiarperen aurka; Oiartzunen 20:00etan. Jubenilen bigarrengo taldeak, berriz, larunbatean jokatuko du Azkoitiaren aurka, 10:00etan, Gurea pilotalekuan.

Larunbatean jokatuko dute lehen mailako eta bigarren mailako afizionatuek Zazpiturriren aurka. Amezketan izango dira bi maileteko partidak, 16:00etatik aurrera.

Ikasberri Kirol Elkarteak ere badu nagusien mailako taldea txapelketa honetan eta hauek Añorgan jokatuko dute asteburu honetan.

Joan den asteburuan izan zuten Ilunpeko eta Ikasberriko afizionatuek elkarren aurkako partida, eta Ikasberrikoak 22 eta 12 irabazi zuten.

Elkarteen arteko txapelketa hau pasa den asteburuan hasi zen eta abenduaren 30ean bukatuko da. Bertan, 53 bikotek hartuko dute parte kadete mailan, 48k jubeniletan eta 59k nagusietan.