Lan Mobel ISBren talde berria aurkeztu dute

Uztarria.eus 2007ko ira. 17a, 12:09
Iraurgi Saskibaloi taldearen tabernan egin zuten talde berriaren aurkezpena. Atzean ageri dira, zutik, jokalariak. Eskuineko biak dira azpeitiarrak.

Bi azpeitiar izango dira taldean: Eñaut Aranbarri eta Jon Etxaniz

Aranbarri izango da taldeko kapitaina

Gutxi falta zaie saskibaloi zaleei denboraldia hasteko. Joan den ostiralean, hilak 14, aurkeztu zuten Lan Mobel ISBk denboraldi berrirako osatu duen taldea. Denera, hamabi jokalari izango ditu taldeak, horietatik bi azpeitiarrak: Eñaut Aranbarri eta Jon Etxaniz.

Aranbarri izango da taldeko kapitaina eta Etxaniz berriz taldearen promesa. Izan ere, hamar urteren aldea dute bi azpeitiarrek. Gainontzean, iazko lau jokalarik errepikatuko dute denboraldia Lan Mobel ISBn: Asier Urbieta, Alex Arzelus, Asier Tejerina eta Xabier Osa. Aurten taldean lehen aldiz ariko direnak honakoak izango dira: Txus Mateo, Jorge Leon, Hassan Taman Isho, Joxean Cavada, Igor Vara eta Kevin Vaccarin.

Gazteen artean kirol hau sustatzeko Iraurgi Saskibaloi taldea egiten ari den lana goraipatu zuten aurkezpenean. Iñaki Errazkin Azpeitiko alkateak, esaterako, boluntarioen lana eta elkarteak emakumea eta kirola uztartzeko aurrera eramandako pausoak nabarmendu zituen. Iñaki Ugarteburu, Gipuzkoako Foru Aldundiko kiroletako arduradunak, berriz, ISBren proiektua "gustukoa" dutela azaldu zuen. "Talde irekia da, ez dute inongo aukeraketarik egiten eta nahi duen orok parte har dezake taldean" zioen Ugarteburuk.

Aurkezpena Iraurgi Saskibaloi Taldearen tabernan egin zuten eta bertan bildu ziren Iñaki Ugarteburu, Foru Aldundiko kiroletako arduraduna; Iñaki Errazkin Azpeitiko alkatea; Kristina Garate Azkoitiko kiroletako zinegotzia; Sein Batu-ko zuzendari Joseba Lorenzo; Lazkano elkarteko Santi Lazkano zuzendaria; Nerea Iriarte Lan Mobel-eko zuzendaria eta Iraurgi Saskibaloi Taldeko zuzendari Jose Luis Zubizarreta.