Fiskalak 10 urteko zigorra eskatu du Miren Odriozolarentzat

Urola Kostako Hitza 2007ko ira. 13a, 11:09
Odriozola, ezkerrean, beste inputatu batekin, Madrilen.

Udalbiltzako 22 auzipetuei "erakunde terroristako kide" izatea leporatu die; Xarlo Etxezaharreta Hazparneko hautetsi ohia ere auzipetuen artean da

Odriozola Habeako zinegotzia izan da Azpeitiko Udalean (Urola Kostako Hitza)

Espainiako Fiskaltzak 10 eta 15 urte bitarteko kartzela zigorrak eskatu ditu Udalbiltzako arduradunen aurka. Miren Odriozola Habea Azpeitiko plataformako zinegotzi ohia da auzipetuta dauden 22 lagunetako bat, eta honentzat 10 urteko kartzela zigorra eskatu du. Xarlo Etxezaharreta Hazparneko (Lapurdi) hautetsi izandakoarentzat ere 10 urtekoa eskatu du (Azpeitia eta Hazparne senidetuta daude).

Ezker abertzaleko hautetsien Udalbiltza "ETAren egitasmoa" dela argudiatu du Juan Moral Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak, eta auzipetu guztiei "erakunde terroristako kide" izatea leporatu die. Horregatik, guztientzat 10 urteko kartzela zigor eskaera egin du.

Delitu hori ez ezik, diru publikoa bidegabeki erabiltzea ere leporatzen die 22 horietako lauri: Joseba Garmendiari, Loren Arkotxari, Xabier Alegriari eta Xabier Iragorriri. Aurrekoaz gain, beste 5 urteko eskaera egin du horien kontra; 15 urtekoa guztira.

Fiskalaren arabera, Ekinek jarri zuen abian Udalbiltza, eta "Ekin ETAren adar politikoa zen". Fiskalak eskaera eginda, epaiketa data ezarri beharko du Auzitegi Nazionaleko Zigor Salak.

Odriozolak atzo salatu zuenez, "Espainiako Gobernua azkenaldian dena ilegalizatzen eta atxiloketa zentzugabe ugari egiten ari da". Era berean, "Espainiako Gobernuak bide horretatik ea bakea lortzea nolatan espero duen" galdetzen zuen.