Izen-emateko epea zabalik da Erdi Aroko azokarako

Uztarria.eus 2007ko ira. 6a, 15:09

Era askotako postu eta tailerrak ikusi ahal izango dira aurtengo azokan ere, hilaren 29an eta 30ean

Postua jarri nahi dutenek irailaren 7tik 20ra bitartean eman beharko dute izena

Irailaren 29 eta 30ean Erdi Aroko azoka izango da Azpeitiko Alde Zaharrean. Aurreko urteetan bezala, aurten ere hainbat postu eta tailer izango dira kaleetan eta Udalak dendari, saltzaile edo posturen bat jarri nahi dutenei izena emateko aukera luzatu die. Irailaren 7tik hil bereko 20a bitartean eman ahalko dute interesatuek izena. Horretarako 943 15 70 68 zenbakira deitu beharko dute.

Laugarren urtez egingo dute herrian Erdi Aroko azoka. Aurten ere era askotako postuak izango dira: pitxiak, txokolatea, larrua, ogia, ukenduak, buztingintza, grabaketa, eztia, otarrak, xaboiak eta beste hainbat postu jarriko dituzte. Horiez gain, animazioa izango da egun guztian pilotalekuan, Santiago kalean, Albergan eta plazan. Ttuntturroak eta azokako animatzaileen kalejira ere izango da, musika bandak lagunduta, eta dantza emanaldiak ere ikusi ahal izango dira.

Eguerdiko hamabietan irekiko dituzte postuak eta 14:00ak arte egongo dira zabalik goiz partean. Ondoren, 17:00etan zabaldu eta 20:00etan itxiko dituzte.