Contador, Errebalean bizi izan zen "ume mokoa"

Uztarria.com 2007ko uzt. 28a, 20:07
Alberto Contador, Frantziako Tourrean liderraren maillotarekin, atzo.

Bihar Tourra irabaziko duen txirrindularia 2001ean Azpeitian bizi izan zen, Iberdrola taldearekin fitxatu zuenean

Andoni Aranaga taldekidea zuen orduan eta, honek dioenez, "hura gustura ibili zen hemen"

Alberto Contador-ek irabaziko du bihar (igandea) Frantziako Tourra, gaurko erlojupekoan sailkapenean gertuen zituenekiko aldeari eutsi egin diolako, justu samar bada ere; izan ere, azkenean Kadel Evansek 23 segundora bukatuko du sailkapen nagusian eta Levi Leipheimer-ek 31ra hirugarren.

Baina nor da Contador? Azpeitian urtebetean bizi izan zen mutila. “2001ean, 18 urte nituela, ez nekien ezta nora nindoan ere —dio Contadorrek—. Nahi nuen bakarra, Iberdrola ekipoan korritzea zen. Neuk deitu nuen bertara, telefonoz, ea hartzen ninduten. Zain egon nintzen baina hartu ninduten azkenean. Eta Azpeitia aldera joan nintzen, ziklistaz betetako pisu batera”.

Duela sei urteko kontuez ari da Contador, gaur egun 24 dituelako (abenduaren 6an beteko ditu 25). Eta Errebaleko etxebizitza batean bizi izan zen. Jose Mari Garmendia azpeitiarra garai haietan Iberdrolaren taldeetako arduradunetakoa zen eta honen bidez etorri zen Contador Azpeitira.

“Oso jende desberdina ginen etxe hartan bizi ginenak, baina giro ona geneukan. Jesus Hernandez, Grau, Benitez, Andoni Aranaga... nituen taldekide”, dio bihar Tourra irabaziko duenak.

Uztarria.com-ek Aranaga urrestildarrarekin hitz egin du, eta honek gogoan dauka garai hura. “Afizionatuen mailako aurreneko urtea zuen hura Contadorrek. Etorri zenean, ‘baina zein da moko hau?’, galdetzen nuen neure artean. Ume mokoa, bai... Nola ibili bizikletan! Orain ere ume aurpegia du, baina begira, Tourra irabaziko du”, esan du Aranagak. “Mendian ibiltzen zen ondo, batik bat. Zenbat pisatuko zuen ba orduan...”. Gaur egun 59 kilo da Contador, eta 1,77 metro luze.

Aranaga bere etxean bizi zen orduan, baina arratsalde batzuetan joaten zen Contadorrenera. “Haiek gustura ibili ziren hemen, Azpeitian. Bolada batzuetarako joaten ziren euren etxera baina, bestela, hementxe, entrenatu, kale buelta batzuk eman eta horrelaxe”. Pinto herrikoa da Contador (Madril, Espainia), eta esan izan du: “Oso gustura sentitu nintzen Azpeitian, eta harritu ninduena izan zen bertako jendeak ezagutu egiten ninduela eta neure herrikoek ez”. 31.000 biztanle dauzka Pintok.

Bere herrian hartu zuen lehendabizi bizikleta, hamabost urte zituela. “Beste kirolek, txirrindularitzak ematen didan askatasuna ez zidatela ematen ohartu nintzen”. UNI Pinto taldean korritu zuen kadeteetan eta juniorretan —herriko taldean—, Portillo Madrilgo ekipoan 2000an juniorra zela. Mendiko sari denak” irabazten zituen, “baita goian bukatzen ziren etapa denak ere”. 2001ean fitxatu zuen Iberdrola Loinaz ekipoan, urtebete egin zuen bertan —Azpeitian bizi izan zen urtea—, eta Urrakiko Igoeran, adibidez, bigarren egin zuen. 2002an Wurth-ONCEn aritu zen afizionatuetan.

Tourreko liderrak Azpeitiaz hitz egin duenean, bazkaltzera “jatetxe berera” joaten zela adierazi izan du, nora aipatu gabe. Aranagak badaki: “Pastorkuanera joaten ziren asko haiek”.

Sei urte pasatu dira harrezkero, eta Contadorrek eskuan dauka Frantziako Tourra. 2003an egin zuen profesionaletan debuta, ONCE taldean, 20 urte besterik ez zeuzkala. 2004an Livertyn fitxatu zuen baina, burmuineko gaixotasunagatik, lau hilabetean geldirik egon zen eta ziklismoa uztekotan egon zen. 2005ean hasi zen nabarmentzen profesionaletan; esaterako, Euskal Herriko Itzuliko etapa bat irabazi zuen, Oñatin (Gipuzkoa), eta Romandiako Itzuliko beste bat ere bai. 2006a Livertyn eta Astanan egin zuen, aurten Discovery Channelen fitxatu du eta bertan lortu du orain arteko garaipenik handiena, udaberrian: Paris-Nizako sailkapen nagusia.

Aurtengo Tourrean etapa bat ere irabazi du: Plateau de Beillen, mendian; profesionaletako hamabosgarren garaipena. Eta bihar, bere bigarren itzulian —2005ean korritu zuen aurrena, eta 31. izan zen—, Tourra bera poltsikora, “ume moko” horrek.

Azken albistea (2010eko iraila). Contador: "Azpeitian izan nuen esperientziarekin oso gustura bukatu nuen, eta lagun bikainak egin nituen. Ez sinestekoa da alde hartan txirrindularitzarekiko dagoen zaletasuna, Madrilen aldean desberdin bizi dute. Baina, dudarik gabe, handik gehien gustatzen zaidana jatetxeak dira...".