Udalak "kezka" agertu du Iker Iparragirreren inkomunikazio egoeraz

Uztarria.com 2007ko uzt. 28a, 17:07

EAE-ANVk, EAk eta EB-Aralarrek osatutako gobernuaren mozioa onartu dute, eta Udala prest azaldu da atxilotuaren senideei laguntzeko; EAJk bere mozioa aurkeztu du

Lau alderdiek diote akordio politikoak “herritarren borondatea" errespetatu behar duela; EAJk ETAren indarkeriaren bukaera ere eskatu du

Iker Iparragirrek Frantziako Poliziaren esku segitzen du, inkomunikatuta, ostegunean Rodezen ustezko etakidea izateagatik atxilotu ondoren, eta gaur (larunbata) Azpeitiko Udalak “kezka” agertu du hori dela-eta. “Oinarrizkoa da atxilotuaren senitartekoek bera dagoen lekuaren eta egoeraren berri edukitzeko eskubidea izatea”. Iparragirrek berak aukeratutako abokatua eta polizia-etxean medikua presente egotea “ezinbestekoa” dela uste du Udalak.

Premiazko udalbatzarra deitu du Udalak gaurko, gertaera horrengatik. EAE-ANVk, EAk eta EB-Aralarrek osatutako udal gobernuak mozioa aurkeztu du, EAJk berea, eta gobernuarena onartu dute, bertakoen zortzi botoekin (EAE-ANVren zinegotzi bat falta zen). EAJ abstenitu egin da (zazpi boto; EAJren zinegotzi bat falta zen).

Iparragirreren senideei “elkartasuna eta babesa” adierazi die Udalak, eta haiek “atxiloketa honek sortzen dituen ondorioetan Udalaren laguntza jasotzeko konpromisoa” agertu du.

Euskal Herriak “gatazka politikoa” bizi duela dio EAE-ANVren, EAren eta EB-Aralarren mozioak, eta “horri konponbidea bilatzeko ezinbestekoa da alde guztien arteko elkarrizketa”. Bide horretan, alderdi, gizarte eragile eta sindikalei “ahaleginak biderkatzeko” dei egin diete. “Konponbidea eta bakearen bidean alderdien arteko mahaia une hauetan inoiz baino beharrezkoagoa da”.

Akordio politikoak “herritarren borondatean oinarritu behar du”, udal gobernuaren ustez.

EAJren mozioa

EAJk bere mozioan “atxilotuei dagozkien giza eskubideak errespetatzeko” eskatu du, “pertsona bezala zor zaien duintasuneko tratamendua” izateko, “gainontzeko berme prozesal eta penal guztiekin batera”.

Alderdi jeltzaleak “ezinbestekoa” deritzo “bake eta normalizazio politikoa lortzea, hainbeste sufrimendu sortzen dituen egoera (pertsonal, familiar, herri bezala…) gainditzeko”.

Hala, horretarako, “alderdiek eta gainerako eragile sozio-politikoek errespetuan oinarritutako elkarrizketa bultzatu” beharko luketela dio EAJk, “herritarren borondatea errespetatuko duen akordio politikoa lortzeko”. ETAri "behin betiko" indarkeria uzteko eskatu dio.

EAJren mozioa ez dute onartu, beste alderdiek kontra bozkatu dutelako.