Hasi dira festak

Uztarria.com 2007ko uzt. 30a, 14:07
Gaurko txupinazoko unea. Patxi Azkargorta suziria pizten. ('Urola Kostako Hitza')

Saninazioetako txupinazoa Ilunpe Pilota Elkarteko ordezkariek, Mireia Epelde txirrindulariak, eta Ainara Epelde eta Eider Bereziartua saskibaloi jokalariek bota dute

Iñaki Errazkin alkateak festak modu alaian pasatzeko dei egin die herritarrei

Iritsi da uztailaren 30a, San Inazio bezpera, eta hamabiak puntu-puntuan zirela hasi dira festak Azpeitian. Abuztuaren 2ko (osteguna) gauera arte festa giroa izango da nagusi herrian.

Aurtengo txupinazoa Ilunpe Pilota Elkarteko ordezkariek, Mireia Epelde txirrindulariak, eta Ainara Epelde eta Eider Bereziartua saskibaloi jokalariek bota dute. Hain zuzen, Patxi Azkargorta Ilunpeko ordezkariak bota du suziria bera.

Ilunpekoak Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan bigarren geratu dira aurten, eta Mireia Epelde oso denboraldi ona ari da egiten. Baita Ainara Epelde eta Bereziartua saskibaloi jokalariak ere selekzioarekin.

Iñaki Errazkin (EAE-ANV) alkateak lagundu die, Udaleko beste zinegotziekin batera. Hain zuzen, frankismoaz geroztik aurtengoa lehen aldia izan da txupinazoan EAJkoa ez den beste alkate bat egon dela. Errazkinek txupinazoaren aurretik hitza hartu du, eta festak modu alaian pasatzeko dei egin die herritarrei. "Gora Azpeitiye! Gora Euskal Herriye!" oihuekin bukatu du.

EAE-ANVren zinegotziek aurrez Konponbide demokratikoa orain! pankarta eskegi dute udaletxean, eta Iker Iparragirre atxilotuaren argazkia zegoen pankartan.

Jende ugari dabil eguerdian Azpeitian, eta laster herri bazkaria egingo dute Azoka plazan. Giro onak ez du etenik izango gaur, hainbat ekitaldi izango direlako.

Saninazioetako egitaraua

Uztailak 30 (astelehena, San Inazio bezpera)
- Herri bazkaria. Bazkaria. Ondoren, bertso lehiaketa. 14:30ean. Plazan.
- Txirri, Mirri eta Txiribiton Junior pailazoen jaialdia. 17:00etan. Olazko Amaren plazan.
- Pilota. San Inazio jaialdiko erremonte finala. 17:30ean. Izarraitz Pilotalekuan.
- Musika. The Mackensy’s Clan Band taldearen emanaldia. 18:00etan. Kaleetan.
- Musika. Julian Barrenetxea eta Parrokiko abesbatzak Julian Barrenetxearen arratsaldeko otoitzak eta Salbea kantatuko dituzte. Organuan, Maria Dolores Oteiza, Jaime Amenabarren gidaritzapean. 19:30ean. Loiolako Basilikan.
- Suzko erroberak. Zaragozana su-etxea. 23:00etan.
- Karaokea. 23:00etan. Txosnetan (Zelai Luzen daude kokatuta).
- Abiba disko jaia. 23:30ean. Plazan.
- Saioa, Alabier, Lurtxundio, eta Tapia eta Leturiaren erromeria. 23:30ean. Olazko Amaren plazan.
- Tximeleta taldearen erromeria. 24:00etan. Txosnetan.

Uztailak 31 (asteartea, San Inazio eguna)
- Diana. Herriko Musika Banda, Biasteriko Dultzainariak eta Izarraitz Txistulari Taldea. 09:00etan.
- 10:10ean, udal korporazioa parrokira.
- 10:30ean, prozesioa.
- Meza. Juan Maria Uriartek Donostiako gotzainak eta herriko apaizek emanda, Meza santua. Julian Barrenetxea eta parrokiko abesbatzak J.A. Santesteban meza eskainiko dute. 11:00etan. Soreasuko San Sebastianen Parrokian.
- Zezen aukeraketa. Arratsaldean toreatuko dituzten zezenen aukeraketa. 12:00etan. Zezen-plazan.
- Udal Musika Bandaren kontzertua. 13:00etan. Plazan.
- Haurrentzako emanaldia. Luma Gorri haur berbena. 16:00etan. Plazan.
- Saninazioetako lehen zezenketa. Domingo Lopez Chaves, Francisco Javier Sanchez Vara eta Javier Valverde toreatzaileak ariko dira. 18:00etan. Zezen-plazan.
- Haur jolasak. 18:00etan. Txosnetan.
- Les Enfants-en ikuskizuna. 18:30ean. Kaleetan.
- Oria txaranga. 19:30ean. Zezen-plazatik irtenda.
- Musika. Nueva Alaska orkestra. 20:30ean eta 23:30ean. Plazan.
- Bideo emanaldia. 22:00etan. Txosnetan.
- Pilota. Asegarceko pilotarien eskuzko partida profesionalak. Lehen partida: Koka-Rai / Esain-Argote. Nagusia: Olaizola II.a-Peñagarikano / Bengoetxea VI.a-Beloki. 22:30ean. Izarraitz Pilotalekuan.
- Suzko erroberak. Astondoa su-etxea. 23:00etan.
- Lauroba eta Delorean taldeen kontzertua. 23:00etan. Txosnetan.
- Mexiko Lindo mariatxiak. 23:30ean. Olazko Amaren plazan.

Abuztuak 1 (asteazkena, San Inazio bigarrena)
- Diana. Izarraitz Txistulari Taldea, Azpeitiko Musika Banda eta Biasteriko Dultzainariak. 09:00etan.
- Elkarretaratzea. ‘Etxean nahi ditugu lelopean’, euskal presoen alde. 10:00etan. Loiolako Basilika aurrean.
- Ongi-etorria. EAEko lehendakariari, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiko agintariei ongi-etorria egingo die Udalak. 10:15ean. Plazan. Ondoren, Loiolako Basilikara joango dira.
- Meza nagusia. Juan Maria Uriarte Donostiako gotzainak eta herriko apaizek emango dute. Bertan, Julian Barrenetxea eta parrokiko abesbatzak Jose Luis Franzesenaren Jasokunde Meza kantatuko dute. Organularia Franzesena izango da, eta abesbatzen zuzendari Jaime Amenabar ariko da. 11:00etan. Loiolako Basilikan.
- Zezen aukeraketa. Arratsaldean toreatuko dituzten zezenen aukeraketa. 12:00etan. Zezen-plazan.
- Aurreskua. Itsasi Dantza Taldeak ohiko aurreskua eskainiko die agintariei. 13:00etan. Plazan.
- Haur jolasak. Haurrentzako jaialdi berezia. 16:00etan. Plazan.
- Saninazioetako bigarren zezenketa: Antonio Ferrera, Matias Tejela eta Alejandro Talavante toreatzaileak. 18:00etan. Zezen-plazan.
- Musika. Primate eta Di-Wahala taldeak. 18:30ean. Kaleetan.
- Rally poteoa. 19:00etan. Kaleetan.
- Los Pasai txaranga. 19:30ean. Zezen-plazatik irtenda.
- Herri afaria. 21:00etan. Txosnetan.
- Pilota. Aspeko pilotariekin eskuzko partida profesionalak. Lehen partida: Eugi-Nalda III.a / Mikel Goñi-Eulate. Nagusia: Titin III.a-Laskurain / Xala-Barriola. 22:30ean. Izarraitz Pilotalekuan.
- Suzko erroberak. Zamorano Caballer su-etxearen eskutik festetako azkeneko suzko erroberak. 23:00etan.
- Bideo emanaldia. 23:00etan. Txosnetan.
- Musika. Betagarri eta Ezinean. 23:30ean. Plazan.
- Incansables txarangarekin kalejira. 06:00etan.

Abuztuak 2 (osteguna, San Inazio hirugarrena)
- Sokamuturra. 07:00etan. Plazan.
- Zezen aukeraketa. Arratsaldean toreatuko dituzten zezenen aukeraketa. 12:00etan. Zezen-plazan.
- Saninazioetako hirugarren eta azken zezenketa: Manuel Jesus ‘El Cid’, Jose Maria Manzanares eta Miguel Angel Perera toreatzaileak. 18:00etan. Zezen-plazan.
- Gau Erdi txarangaren kalejira. 19:30ean. Zezen-plazatik irtenda.
- Disko jaialdia. 21:00etan. Plazan.
- Festen bukaera. Suziriak eta danbatekoak. 22:00etan. Plazan.