Saninazioetako bigarren zezenketako zezenak ordezkatuko dituzte, 'mingain urdin' gaitza dela-eta

Uztarria.eus 2007ko uzt. 27a, 17:07

Tarifako ganadutegi batean atzemandako mingain urdin kasuaren harira erabaki dute Ana Romeroren zezenak ez ekartzea

Egun berean (abuztuaren 1ean) toreatu behar zuen El Fandi toreatzaileari ebakuntza egin diote eta Ferrerak ordezkatuko du

Saninazioetako bigarren zezenketara (abuztuaren 1ekoa) Ana Romero ganadutegiko zezenak ekarri behar zituzten baina, azken momentuan, Andaluziako (Espainia) Albaitaritza Zerbitzu Ofizialak zezen horiek Cadiztik ez ateratzeko agindua eman du. Mingain urdina bezala ezagutzen den gaitza atzeman dute Tarifako (Cadiz, Espainia) ganadutegi batean eta, ondorioz, gune horretatik 150 kilometrora dauden ganadutegietako zezenak ganadutegitik ez ateratzeko agindu dute. Ana Romeroren ganadutegia Alcala de los Gazules (Cadiz, Espainia) udalerrian dago kokatuta; gaitza atzeman duten ganadutegitik 73 kilometrora, hain zuzen.

Zezenak ganadutegitik ez ateratzeko hartutako erabakiaren arabera, Azpeitiko Zezenzaleen Elkarteak abuztuaren 1eko zezenketako zezenak ordezkatu beharko ditu. Egun gutxi geratzen dira saninazioetarako eta, ondorioz, hiru ganadutegirekin jarri dira harremanetan. Oraingoz, Buenavista (Sevilla, Espainia), Barral (Sevilla, Espainia) eta Macandro (Huelva, Espainia) ganadutegietako ordezkariekin hitz egin dute. Javier Beobide elkarteko kideak adierazi duenez, “Buenavista ganadutegia nahiko baztertuta dugu, gaitza atzeman duten ingurukoa delako eta arrisku hori saihestu nahi dugulako”. Dena dela, azken unera arte ez dutela ganadutegirik alderatuko erantsi du.

Azpeitiko Zezenzaleen Elkarteko kideak gaur bertan (uztailak 27, ostirala) ari dira ganadutegiak bisitatzen abuztuaren 1erako zezenak aukeratzeko. Ildo horretan, Beobidek adierazi du egunotan gertatzen denaren arabera jakingo dutela bigarren eguneko zezenak ikusteko aukera izango den edo ez desenkajonamentuan. “Agian, lehen eta hirugarren egunetako zezenen desenkajonamentua egun batean egin beharko dugu, eta bigarren egunekoena, berriz, beste egun batean“. Gauzak argitu ahala emango dute horren berri.

Zezenen ordezkaketa ez da abuztuaren 1eko zezenketaren inguruan izandako ezusteko bakarra. David Fandila El Fandi-k toreatu behar zuen egun horretan, Matias Tejela eta Aleandro Talavante toreatzaileekin batera, baina ezezkoa eman du, eskubiko eskuan ebakuntza egin diotelako azken egunotan. Azpeitiko Zezenzale Elkarteak jakinarazi duenez, Antonio Ferrerak ordezkatuko du El Fandi.

Cayetano Riveraren parte-hartzea baieztatuta

Cayetano Riverak abuztuaren 2ko zezenketan hartuko du parte eta hari egokitutako zezenen inguruko desadostasunak zeuzkala zioten zurrumurruak izan dira azken egunotan herrian. Horren aurrean, Beobidek argitu duenez, “ganadutegiak toreatzailearen ahaldunari beste numerazio bateko zezenak erakutsi zizkion, eta hortik etorri zen nahasketa, baina dagoeneko dena konponduta dago”. Ildo horretan, Azpeitiko Zezenzaleen Elkarteko kideak adierazi du “azken orduko ezbeharrik ez bada gertatzen behintzat” Cayetano Azpeitian izango dela.