Iker Iparragirre atxilotu dute Frantziaren hego-ekialdean

Uztarria.eus 2007ko uzt. 26a, 15:07

Etakidea delakoan atzeman du Frantziako Poliziak; Juan Cruz Maiza eta Galder Bihotz Cornago ere harrapatu dituzte harekin, Rodezen

Iparragirrek 2005ean egin zuen ihes, Espainiako Polizia Azpeitira atxilotzera etorri zenean

Azken albistea (larunbata, 11:30). 135 lagun maindire ilaran

Frantziako Poliziak ustezko hiru etakide atxilotu ditu gaur (osteguna) Rodez herrian, Aveyron departamenduan, herrialdearen hego-ekialdean eta, haren arabera, haien artean da Iker Iparragirre Galarraga azpeitiarra (1978). Beste biak, Juan Cruz Maiza Artola eta Galder Bihotz Cornago Arnaez direla esan dute, eta hirurak ETAren talde logistikokoak direla.

Hiru kideak etxebizitza batean atzeman dituztela esan dute polizia iturriek, eta zainduak zituztela. Operazioak zabalik segitzen du.

Iparragirrek 2005ean ihes egin zuen, Espainiako Polizia Azpeitira atxilotzera etorri zenean.

Berria, Gara, Urola Kostako Hitza

Azken albisteak (larunbata, 11:30). 135 lagun maindire ilaran. Presoen aldeko maindire ilara egin zuten Azpeitian atzo (ostirala), hileko azken ostirala izanik, eta 135 lagun bildu ziren saihesbidean. Gaur Amnistia Eguna egingo dute.

Astelehenean epailearen aurrera (ostirala, 14:00). Iker Iparragirre eta beste bi lagunak astelehenean eramango dituzte epailearen aurrera, Parisera. Gaur ere Frantziako Polizia haien etxean miaketa egiten aritu da, Rodezen, eta detonagailuak eta hainbat dokumentazio atzeman dituztela esan dute. Hirurak etxe hartan hil honen hasieratik zeudela esan du Poliziak. Rodezko polizia-etxean dauzkate atxilotuta eta bihar eramango dituzte Parisera.

Manifestazioa egin dute (osteguna, 21:00). Iker Iparragirreren atxiloketa salatzeko eta haren senideei elkartasuna adierazteko, dozenaka lagunek manifestazioa egin dute Azpeitian. Ertzainak azaldu tentsio une batzuk izan dira horiekin. Aurretik, batzar informatiboa egin dute plazan.

Azpeitiar presoak eta deportatuak


- Juan Carlos Arruti. Puerto Santa Maria I (Espainia) kartzelan daukate preso, Azpeititik 1.050 kilometrora. 1989ko irailean atxilotu zuten.
- Xabier Etxeberria. Mureten (Frantzia) preso, 349 kilometrora. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten.
- Jabi Agirre. Poisin (Frantzia) preso, 951 kilometrora. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten.
- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten.
- Joseba Segurola. Osnyn (Frantzia) preso, 880 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
- Jose Antonio Cau Aldalur. La Santen (Frantzia) preso, 911 kilometrora. 2006ko ekainean atxilotu zuten.
- Garikoitz Etxeberria. Bonxen (Galizia) preso, 665 kilometrora. 2007ko otsailean atxilotu zuten.
- Juan Manuel Bereziartua. Venezuelan daukate deportatuta.
- Maria Angeles Artola. Venezuelan deportatuta.
- **IƱaki Etxarte.** Kuban deportatuta.

Egunotan ekimenak presoen alde


- Uztailaren 27an (ostirala). 19:00etan maindire ilara. Saihesbidean.
- Uztailaren 28an (larunbata). Amnistia Eguna. 19:00etan presoen aldeko manifestazioa egingo dute Azpeitian, igerilekuan hasita. 21:00etan, herri afaria, Azoka plazan; txartelak salgai daude ohiko lekuetan.
- Uztailaren 30ean (astelehena, San Inazio bezpera). 11:30ean elkarretaratzea, plazan.
- Abuztuaren 1ean (asteazkena, San Inazio bigarrena). 10:00etan elkarretaratzea, Loiolan.