Olaizola: "Azpeitiko herria da antzerkiak idazterakoan dudan eredua"

Urola Kostako Hitza 2007ko uzt. 26a, 11:07
Alaitz Olaizola.

Alaitz Olaizolak Joanes (itxaropenaren semea) lanarekin Toribio Alzaga saria irabazi du

"Antzeztu gabe ezin naitekeela bizi pentsatzen dut" dio (Urola Kostako Hitza)

Alaitz Olaizolak (Azpeitia, 1975) Toribio Alzaga Saria irabazi zuen Joanes (itxaropenaren semea) lanarekin; orain liburu gisa argitaratu dute. 23 urterekin idatzi zuen bere lehen antzerki lana. Toribio Alzaga saria irabazten duen bigarren aldia da eta Donostia Hiria saria ere irabazia du. Gainera, Antzoki txikia sailean lau antzerki lan ere argitaratuta ditu.

Antzerkiko idazle, irakasle, zale, zuzendari, antzezle... zara.

Zuzendari bezala antzerki ikastaroetako emakumeekin ibili arren, ez da nire buruari jarri diodan medalla bat. Eta irakasle ere, nahiago dut animatzaile edo zirikatzailea deitzea. Izan ere, emakume hauek gauzak egitera-eta animatzen ditut; jolas dramatikoak, adibidez.

Eta ofizio hauetatik non sentitzen zara ondoen?

Bada, une honetan, idazten. Baina agian ez da erantzun erreala, antzerkia egiten dudan mementoan bizi egiten baitut; antzeztu gabe ezin naitekela bizi pentsatzen baitut.

Antzerkia idazteko ere komenigarria izango da antzerkia gertutik ezagutzea.

Noski, akotazioak edo oholtzan une bakoitzean nola aurkeztu beharko litzatekeen idazten baitugu. Gainera, nire ustez, antzerki lan baten azken helburua oholtza batean aurkeztea da, eta akotazioek horretan laguntzen dute. Hala ere, ez da beharrezkoa; badago antzerkia gertutik ezagutu gabe antzezlanak idazten dituenik.

Zuk idatzitako lana oholtza gainean ikustea ederra izango da ba?

Bai, zoragarria da, lan hauek antzezteko eginda baitaude. Iaz, esaterako, Autobusaren zain lana Bilboko ikastola batean antzeztu zuten eta ikustera joan nintzen. Oso hunkigarria da inondik ezagutzen ez dituzun ume batzuk zure pertsonaiak antzezten ikustea.

Ez zarete asko antzerkia idazten duzuenak.

Ez, baina bagara batzuk. Agian antzerkigintza genero bezala gutxietsita-edo dagoelako. Gainera, ez da erabiltzen irakurtzeko genero bezala.

Eta antzerki idazleren bat edo eredutzat ba al duzu?

Ez, nik ez dut pertsona bezala eta antzerkien idazle bezala eredurik, dena dut gustuko; nire eredua Azpeitiko herria da. Eta antzeztu ere egiten dudanez, badakit gure publikoak zer nahi duen: antzerkira joan eta barre pixka bat egitea.

Beraz, zuk komedia lantzen duzu?

Bai, jendeari gehiena gustatzen zaiona da. Hala ere, azkenaldian absurdora ere ari naiz pixka bat hurbiltzen, Joanes (itxaropenaren semea) lanean, esaterako.

Joanes (itxaropenaren semea) lanean, gizarteari kritika bat ere egin diozu.

Bai, eta horretarako aitaren irudia erabili dut. Joanes "desberdina" izanez gero mundu honetan bizi ezin daitekeela dioen uste horren kontra doa. Joanes gu denon ezkutuko pentsamentuen eta nahien batura da. Ni maitemindu egin naiz Joanesekin.

Joanesen istorio hau nondik sortu da?

Bada, Lituratuzta aldizkariko bi ataletarako sortu nuen pertsonaia da eta, joku gehiago eman zezakeela pentsatuta, lan hau idaztea pentsatu nuen.

Antzerkia zer da zuretzat?

Une honetan, nire bizitza osoa antzerkiaren inguruan dago. Urteak pasatu ahala, hobeto sentiarazten laguntzen didala konturatu naiz. Bizipoz bat da.