Larunbatean izango da San Inazio saria

Uztarria.eus 2007ko uzt. 25a, 12:07
Iazko proban 72 txirrindularik hartu zuren parte.

.110 txirrindulari inguruk parte hartuko dute kadeteen mailako proba honetan

Ibilbideak 80 bat kilometro ditu (Urola Kostako Hitza)

Larunbat honetan, XXVII. San Inazio Saria jokatuko da Azpeitian, Kadeteen mailako txirrindulari lasterketa. Lagun Onak Txirrindulari Elkarteak antolatutako proba izaten da saninazioetako hau, eta 16:00etan hasiko da.

.80 bat kilometroko ibilbidea da San Inazio Sariarena: Azpeititik Iraetara, handik berriro Azpeitira, eta Loiolan bira eman eta gero berriro ere Iraetara. Oraingoan, ordea, Aizarna aldera hartu eta Etumetatik Errezilera irten eta gero itzuliko dira Azpeitira, helmugara.

Adituek San Inazio Saria kadeteen mailako proba gogorrenetakoa dela esaten dute. Izan ere, Zestoara bitartean ibilbidea laua bada ere, Aizarnatik Santa Engrazirako eta Etumetarako bidea aldapatsua da, eta adin honetako jendearentzat gogorra.

.110 txirrindulari inguruk parte hartuko dute denboraldiko azken proba den honetan. 1992an eta 1993an jaiotakoak dira guztiak, aurten 15 eta 16 urte betetzen dituztenak.

Gehienak gipuzkoarrak izan arren, Tarbeseko (Frantzia) talde bat ere ia urtero etorri ohi da, aurten etorriko den zehatz ez jakin arren. Guztira, bada, hamabi taldetako txirrindulariek parte hartuko dute.

Martxoan hasitako denboraldia agurtuko dute proba honekin kadete mailako txirrindulariek.

Denboraldi ona Lagun Onak-ekoentzat

Azpeitiko Lagun Onak Txirrindulari Elkartean itxaropenez begiratzen diote larunbateko probari. Izan ere, kadete mailako taldeak, Corrugados Gallardo taldeak, oso denboraldi ona egin du aurten; podiumeko ia dozena bat postu lortu ditu.

Ordizian uztailaren hasieran izan zen Gipuzkoako Txapelketako saria ere lortu zuen, taldekako erlojupekoan. Imanol Arizmendik, Marcos Zaldibiak Mikel Elorzak, Mikel Madinabeitiak eta Jon Uriartek osatzen dute taldea.

Larunbateko proban faboritoen artean daude, beraz, Ordizian irabazi zuten mutilak. Dena dela, Marcos Zaldibia, Mikel Elorza eta Mikel Madinabeitia aste honetan Valdegobian dira Euskadiko Selekzioarako probetan. Beraz, selekziorako onartzen badituzte, ezingo dute larunbateko proban parte hartu.