Baserritarren egunean ateratako dirua Bohechio solidaritate proiektua laguntzeko izango da

Uztarria.eus 2007ko uzt. 24a, 13:07
Jende ugari bildu zen plazan txekor eta hegaluzea dastatzera.

.2.500 euro inguru lortu ziren igandean txekor eta hegaluzearen tiketen salmentekin

Proiektuak Dominikar Errepublikako Bohechio eskualdeko biztanleen eta umeen osasuna, bizi kalitatea eta emakumeen egoera hobetzea du helburu

Igandean (uztailak 22) ospatu zen Azpeitian Baserritarren Eguna. Ohi bezala, jende ugari bildu zen plazan bezperatik erretako txekorra dastatzera. Aurten, gainera, hegaluzea ere prestatu dute txekorrarekin batera. Urtero egiten duten moduan, oraingoan ere, txekor eta hegaluzearen tiketen salmentekin lortutako diruarekin Bohechio solidaritate proiektua lagunduko da. 2.500 euro inguru lortu zen eta Dominkar Errepublikako eskualdea laguntzera bideratuko dira.

Dominikar Errepublikako Bohechio eskualderako solidaritate proiektua da eskualdearen izen bereko proiektua. Iraurgi Ikastetxeak jarri zuen martxan proiektua bi urterako eta Azpeitiko Udalak laguntzen du.

Proiektuak Bohechio eskualdeko biztanleen bizi kalitatea hobetzea du helburu. Haurrengan gertatzen den elikadura faltari erantzun eta haurtzaroko elikadurari garrantzia ematen saiatzen dira proiektuaren bidez. Horrez gain, beherakoa bezalako gaixotasun larriak eraginda, bost urtetik beherako haurren heriotzen kopurua murriztea du helburu proiektuak. Ura garbitzeko filtroak eta orientazio higieniko egokiak ezartzen saiatuko dira eta elkarteetan botikinak eta komunak jartzen dihardute; baita sendagaien prezioak jaisten ere. Proiektuak eskualdeko emakumeen egoera ere hobetu nahi du eta emakumeek baldintza berdinetan demokratikoki parte har dezaten bultzatzen ari da.

Solidaritate proiektuak 91.548,50 euroko aurrekontua du. Fundacion Ayuda Solidaria erakundearekin elkarlanean ariko dira proiektuaren parte-hartzaileak Bohechioko jendeari diru-laguntzak eman ahal izateko.