Arbasoen aztarnen bila

Urola Kostako Hitza 2007ko uzt. 20a, 11:07
Munoandiko herrixkan indusketetan ari den taldea.

.15 lagun ariko dira hil osoan zehar Munaundin indusketa lanetan

Burdin Aroko herrixkaren harresia eta herrixkarako atea izan daitekeena aztertuko dute (Urola Kostako Hitza)

Munaundin, Txalintxo inguruan, uztailaren 2tik dabiltza indusketetan 15 lagun, Aranzadi Zientziaren Elkartearen eskutik, eta datorren uztailaren 28a bitartean han izango dira. Burdin Aroko herrixka baten aztarnak aurkitu ziren 1995ean egindako ikerketa batean, eta herrixka hura nolakoa zen eta nola bizi ziren azalduko duten aztarnen bila dabil lan taldea.

Uztailaren 2an etorri baziren ere, lehenengo astera arte ez ziren hasi lurra aztertzen. Izan ere, hasiera batean inguruneko beste eremu bat hasi behar zuten aztertzen, baina han pinudia botatzeke zegoenez, herrixkarako atea izan daitekeenaren eremua (bi tontor txiki) ikertzen hasi dira. Beraz, eremu honetan harresiaren aztarnak bilatzen saiatuko dira, atea han ote zen egiaztatzeko.

Azpeitiko hiru lagunek, Madrileko eta Valladolideko (Espainia) hainbat ikaslek eta Aranzadiko bi lagunek osatzen dute lan taldea. Guztiak ere Sonia San Jose historialariaren gidaritzapean dabiltza. Astelehenetik ostiralera zortzi orduz jarduten dira indusketa lanetan eta larunbatetan sei orduz aritzen dira. Azpeitiarrek ez beste guztiek Kukuherri aterpetxean egiten dute lo.

1995ean aurkitu zuten

Munaundiko herrixka 1995ean aurkitu zuten, miaketa proiektu bat egiten ari ziren hiru lagunek; tartean Sonia San Jose historialaria. Karlos Olaetxeak azaldu zien hiru lagun hauei Munaundiko parajeak herrixka hauek izaten dituzten ezaugarriak dituztela. Izan ere, Burdin Aroko herrixkak harresi batez inguratzen zituzten eta harresi hauek eraikitzeko mendi lepoetako lauguneak erabiltzen zituzten, ahal zutenean. Era honetan, mendi lepoetan aurkitzen diren lauguneek edo terrazek hor Burdin Aroko herrixka baten aztarnak egon daitezkeela adierazten dute.

1995etik hona kalak eta sondaketak egin dituzte; hau da, lur eremu txiki bat hartuta (2 metro kuadradokoak-edo). Iaz lortu zuen Aranzadi Zientzia Elkarteak Iraurgi Lantzenekin, Azpeitiko Udalarekin eta Azkoitiko Udalarekin sei urtean hemen indusketak egiteko akordioa. Ondorioz, datozen bost urteetan ere, urtean hilabete batez jardungo dira Aranzadiko kideak eta boluntario gisa etorri nahi dutenak herrixka honi buruzko aztarna gehiago atera nahian. Urtean zehar orain bildutakoak aztertzeaz arduratuko dira gero hainbat ikerlari.

Orain arte topatutakoak

Orain arte Munaundiko herrixkan zeramika zatiak, eskuz zein tornuz eginak, brontzezko fikula bat, pisu bat eta burdinazko piezak aurkitu dituzte.

Aurten, berriz, harresiaren osagaiak ikertuko dituzte. Hala ere, dagoeneko jaso dituzte aurten ere zeramika zati batzuk. Pisua, gainera, Gipuzkoako merkataritzaren aztarnarik zaharrenetzat hartu da. Lurra bera ere ikertuko dute; lurreko polena eta haziak, batez ere. Era horretan, garai hartan eremu honetan zegoen landareria eta inguruaren antolaketa nolakoa zen jakin nahi dute.

Herrixka, Gipuzkoako Burdin Aroko beste 8 herrixkekin batera, leku estrategikoan kokatuta dago, Urola ibaiaren haran osoa kontrolatzeko moduko tokian. Muinoaren erliebeaz baliatu ziren bertako biztanleak eta muinoen osagarri gisa harresiak egin zituzten. Ziurrenik, abeltzantzak eta nekazaritzak ematen zizkieten soberakinak lapurtzea eragozteko.