Baserritarren Eguna ekitaldiz gainezka ospatuko da igandean

Urola Kostako Hitza 2007ko uzt. 19a, 11:07
Kupel artean aurkeztu zuten lehiaketa sagardogileek, antolatzaileek eta Udaleko ordezkariek.

Herenegun aurkeztu zuten XXXV. Sagardo Lehiaketa

Gipuzkoa osoko 23 sagardogilek hartuko dute parte (Urola Kostako Hitza)

Igandean Baserritarren Eguna izango da eta, ohi bezala, hainbat ekitaldi antolatu dira eguna borobiltzeko. Hori bai, Santio eguna jai ez izatean, aurreko igandera pasatu dute Baserritarren Eguna, baita sagardo lehiaketa hau ere.

Txistulariekin eta musika bandarekin hasiko da eguna eta kiroletarako, jateko nahiz edateko, zezenetarako eta musikarako tartea egongo da egunean zehar.

XXXV. Sagardo Lehiaketa

Herenegun arratsaldean aurkeztu zuten Añota sagardotegian Azpeitiko XXXV. Sagardo Lehiaketa. Aurkezpen ekitaldian Iñaki Errazkin alkateak, Xanti Lazkano antolatzaileak, Festa batzordeburu Mikel Ibarzabalek eta Luis Beloki sagardogileak hitz egin zuten. Lehiaketa 12:00etan hasiko da plazan eta aurtengo XXXV. edizio honetan 23 sagardogilek hartuko dute parte. Bi epaimahai izaten ditu Azpeitiko Sagardo Txapelketak: bata, txapelketa ofizialeko epaimahaia; eta, bestea, herriko elkarte gastronomikoetako partaideez osatutakoa. Irabazleak garaikurra eta txapela jasoko ditu.

Gipuzkoakoak dira lehiaketan parte hartuko duten sagardogile guztiak. Honela, hamabi postu egongo dira goiko arkupeetan, 6 postu udaletxe azpian eta bost postu beheko arkupeetan.

Sagardogile guztien artean 3.000 botila inguru ekarriko dituzte eta, sagardoa probatu nahi duenak, plazaren ertz batean 2 euroan salduko diren edalontziak erosi beharko ditu. Elkarteak arduratuko dira sagardoa zerbitzatzeaz, baina herritarren laguntza eskatu dute.

Egitaraua

Uztailak 22, igandea

09:00. Herriko Musika Bandaren eta Izarraitz txistulari taldearen goiz eresia.

10:30. XXXIII. Pilota txapelketa, Cesar Valverde saria:

  • Benjaminak: Azkue vs. Uranga
  • Benjaminak: Kerejeta-Agirrezabalaga vs. Peñagarikano-Alberdi
  • Alebinak: Martinez-Izurieta vs. Galarraga-Iparragirre
  • Infantilak: Aizpuru vs. Larrañaga
  • Kadeteak: Aizpuru-Arakistain vs. Landa-Astiazaran

11:00. Meza Nagusia, Soreasuko Sebastian parrokian.

11:00. Eskualde Mailako ganadu txapelketa eta IX. Gazta Lehiaketa.

11:30. Auto klasikoen IV. Rallya, epaitegiko plazatik.

12:00. Sagardo lehiaketa plazan. Bertsolariak, trikitilariak eta dultzaineroak. Txekor eta hegaluze errea dastatzeko aukera.

18:30. Errekortariak zezen-plazan.

19:30. Naidekena txaranga.

22:00. Pantxoa eta Peio plazan.