Eizmendi: "Udaleko liberatuen kopuruaren aldaketaren eta soldata jaitsieraren onuraduna EA da"

Urola Kostako Hitza 2007ko uzt. 17a, 12:07
Ana Mendizabal, Julian Eizmendi eta Jabier Altuna, atzo udaletxean egin zuten agerraldian.

"Udalak urtean 50.684 euro aurreztuko ditu", azaldu zuten ostiralean Manuel Unanue eta Xanet Esnaolak

EAJk erantzun du "joan den agintaldian, alkateari zegokion soldata, teknikoek irabazten dutenaren antzekoa" zela esanez (Urola Kostako Hitza)

Uztailaren 7ko udalbatzarrean, Udalean liberatu moduan udalbatzako 4 kide jardutea eta soldatak jaistea onartu zen. Horren harira sortu den nahas-masari erantzuteko, Xanet Esnaolak eta Manuel Unanuek hainbat datu gehitu eta argitu nahi izan zituzten ostiralean.

Udalean %100ean liberatuta jardungo duten hiru zinegotzien eta %25ean liberatuta jardungo duen zinegotziaren soldatak urtean 119.169 euro gordina kostako zaizkio Udalari. Baina, soldatak aurreko agintaldiko irizpideen arabera eta EUDELen mailen arabera mantendu izan balira, eta hiru zinegotzi liberatuk jarraitu izan balute, 169.853 euro kostatuko zitzaion Udalari, Esnaola eta Unanue zinegotzi liberatuek azaldu zutenez.

Udalak, beraz, urtean 50.684 euro gordin aurreztuko ditu. Eta, lau urtean, 202.736 euro aurreztuko ditu Udalak.

Udalbatza osatzen duten alderdiek, zinegotzi bakoitzak irabaziko duenaz gain, zer irabaziko duten ere argitu zuten. Alderdiaren irabaziak alderdi bakoitzak duen zinegotzi kopuruaren arabera doaz eta honakoak dira: EAJk 2.794 euro, EAEk 2.146, EAk 850 eta EB-Aralarrek 527 euro.

EAJk bere datuak atera ditu

EAJk, bere aldetik, datu hauei zehaztapen batzuk egin zizkion atzo udaletxean egindako agerraldian.

EAJko zinegotzi Julian Eizmendik, Ana Mendizabalek eta Jabier Altunak bi kontu nabarmendu zituzten: joan den agintaldian "alkateari zegokion soldata teknikoek irabazten dutenaren antzekoa" dela, batetik, eta soldatetako aldaketekin "onuraduna EA izan" dela, bestetik.

Alkatearen soldataren jaitsiera dela eta, joan den agintaldian errespetatutako EUDELen irizpideak "eginkizunetan, gaitasunean, prestakuntzan, arduretan eta dedikazioan oinarrituta" daudela gogoratu zuen Eizmendik. Eta "Azpeitiko Udalean bertan erdi mailako eta goi mailako teknikariek oraingo alkateak baino gehiago irabazten" dutela ere nabarmendu nahi izan zuen.

EAri, aurreko agintaldian bezala, hiru batzorderen gidaritza izan arren, liberalizazioa %25ean igotzea leporatu zioten. Bestalde, Manuel Unanuek urtean 6.237 euro gutxiago irabazi arren, Mikel Ibarzabalek %25ean liberatua egotearren "urtean 12.500 euro irabazteaz gain, batzordeetan parte hartzearren urtean 7.500 euro irabaziko" dituela zehaztu zuten; "guztira 20.000 euro gehiago". Era honetan, "EAk aurreko agintaldian baino 14.000 bat euro gehiago irabaziko ditu" agintaldi honetan. Liberatu batek batzordeetan parte hartzeagatik kobratzea orain arte ezinezkoa zela eta "aldaketa hori legez kanpokoa" dela ere esan zuten. Unanue, liberatuta egon arren, Udaleko 17 zinegotzietatik batzorde gutxienetan dagoena dela ere salatu zuten udalbatzarrean.

Ikusi dokumentu osoa hemen