Loiolatik Zestoara mendi ibilaldi gidatuak

Uztarria.eus 2007ko uzt. 16a, 14:07

Izarraitz eta Ekaingo koben inguruetatik egingo da bidaia eta doan izango da

Uztailaren 22an, abuztuaren 12eta 19an eta irailaren 9an egingo dira

Loiolako santutegiko bisitarien zentroak mendi ibilaldi gidatuak antolatu ditu uda honetarako. Loiolako Santutegitik Zestoa artekoa da ibilbidea eta doan izango da. Izarraitz eta Ekaingo koben inguruetatik egingo da bidaia. Ibilbidean zehar, bertako bide zidor zaharretan barna, garai bateko erabilera ikusiko da. Izarraitzen lur azpiaren erakusle diren sima ikusgarrien ondotik igaroko da. Marikutzeko putzuak kondaira eta mito zaharrak ezagutaraziko dizkigu. Aittola izango da atseden lekua. Goltzibarko bailaran behera egingo da ondoren, eta Ekaingo leize-zulo ezagunaren aurrean paratuko da. Lili jauregia ikusi ahalko da geroago eta azkenik, Zestoan bukatuko da ibilbidea.

Orotara, eta bazkaltzeko denbora eta geldiuneak kontuan hartuta, zazpi orduko ibilbidea izango da. Hamalau kilometro luze ditu eta gora 650 metroko desnibela du eta behera, berriz, 690 metrokoa. Ibilbidearen denbora garbia lau ordukoa da eta zailtasun ertainekoa dago kontsideratua. Ibilbidean parte hartzeko gutxieneko adina hamar urtekoa da.

Datorren igandean aurrena

Uztailaren 22an, datorren igandean, egingo da aurreneko mendi ibilaldi gidatua. Abuzturako beste bi eta irailerako beste ibilaldi bat antolatu dituzte. Abuztuan, 12an eta 19an egingo dira. Irailaren 9an egingo da hurrena eta horrekin amaituko da uda honetara begira prestatutako eskaintza. Natura gogoko dutenentzat esperientzia polita izango da.