Maria Jesus Aranburu Gipuzkoako Kultura eta Euskara diputatu izendatu dute

Uztarria.eus 2007ko uzt. 12a, 15:07

Lehen ere izana da diputatu: Kulturakoa, 1991tik 1995era

Gaur osatu dute Gipuzkoako Foru Aldundian Diputatuen Kontseilua

Gaur (uztailak 12 osteguna) datozen lau urterako Gipuzkoako Foru Aldundia osatuko duen Diputatuen Kontseilu berriak kargua hartu du, eta Maria Jesus Aranburu (EAJ) Kultura eta Euskara diputatu izendatu dute.

EAJk eta EAk gobernua osatzeko akordio egin dute eta sailetako arduradun politikoak alderdi horien artean banatu dituzte. EAJk sei atalen ardura izango du eta EAk laurena. Markel Olano (EAJ) da diputatu nagusia eta, Olanoz gain, beste bederatzi diputatuk osatuko dute gobernu berria.

Aurrez ere egon zen Gipuzkoako Foru Aldundian Aranburu. 1991tik 1995era Kulturako diputatua izan zen, 1995etik 1999ra Gizartekintzako zuzendaria, eta 1099tik 2003ra Kulturako zuzendaria.

Kulturaren ikuspegitik egin beharrekoa kulturaren presentzia indartzea dela esan du Aranburuk, eta Gipuzkoako zirkuitua garatzearen alde dago. Hala ere, "erronka nagusia" euskaran dagoela dio. Erabilera sustatzeko beraiek eredua eman behar dutela uste du, eta azpimarratu du diputatu guztiak euskaldunak direla. Arlo guztietan euskara "indartsu" egotea —"administraziorik hasita aisialdira arte"— eta erabilia izatea da haien helburua.

Aranburuk 59 urte ditu eta Irakasletzan ikasketetan diplomatua da. Irakasle lanetan ibili izan da urteetan, Uztarria Azpeitiko herri aldizkariko kolaboratzailea da 2006ko urtarriletik Iritzia atalean, eta aldizkariaren aurtengo abuztuko zenbakiei adio esango die irakurleei.