Mireia Epelde: "Bihar abiatuko naiz Italiara eta nire lehen Giroan irautea dut helburu"

Urola Kostako Hitza 2007ko uzt. 4a, 13:07
Italiako Girora abiatzear da Mireia Epelde Azpeitiko txirrindularia.

Espainiako Txirrindulari Txapelketan txapeldun atera zen Mireia Epelde larunbatean, 23 urtez azpikoen kategorian

Orain, Italiako Girora abiatzear da (Urola Kostako Hitza)

Espainiako Txirrindulari Txapelketako 23 urtez azpikoetan lehenena izan zen Mireia Epelde (Azpeitia, 1985) larunbatean Cuencan (Espainia). Herenegun Azpeitiko Udalak garaikurra eman zion bere lana omentze aldera.

Sprintean erabaki zen Espainiako Txapelketa. Ez da ba erraza izango sprintari ekitea?

Ez da erraza, baina ikusten duzu irabazteko aukera eta indarrak nonbaitetik atera behar dituzu.

23 urtez azpikoetan lehenengoa izan zinen; baina bigarren eta hirugarrena ere hurbil zenituen.

Bai, talde berdinean iritsi ginen eta segundo gutxigatik irabazi nuen. Sailkapen orokorrean 16. egin nuen; 23 urtez azpikoetan bigarren izan den Anna Sanchis 17. izan zen; eta Patricia Perez, gure kategorian hirugarrena, 19. izan zen. Bai, oso hurbil ibili ginen.

Zure neurrira egindako ibilbidea zirudiela esan zenuen; zer zuen ba?

Mendate luzerik ez zuen eta dena pendizak ziren, bat igo orduko bestea zetorren. Horietan ibiltzen naiz hobekien.

Taldekoa duzu elite mailan hirugarren egin zuen Arantzazu Azpiroz ere. Gustura izango da taldea, ez?

Bai, Arantzazurekin Euskadiko selekzioan ez ezik, Bizkaia-Durango taldean ere banago.

Uztailean hainbat proba garrantzitsu dituzu: Italiako giroa eta Europako txapelketa tartean. Aurreikuspenik bai?

Bai, bihar eguerdian noa Italiako Girora eta uztailaren 14an itzuliko gara.Nire lehen Giroa da eta mementoz, irautera eta etapak bukatzera noa. Ez dakit gorputzak eutsiko didan eta, mementoz behintzat, lasai-lasai noa. Gero, zerbait egiteko aukera badut ongi. Uztailaren 19tik 22ra Bulgariako Europako Txapelketara joango naiz eta hemen ere antzeko asmoak ditut.

Datorren denboraldian elitera pasako zara. Gauzak asko aldatuko al zaizkizu?

Kontua da proba denetan batera irteten garela elitekoak eta 23 urtez azpikoak. Beraz, orain arteko lasterketa berdinetan hartuko dut parte; 23 urtez azpikoen izendapen hori ez dudala erabiliko izango da aldaketa bakarra.Lasterketa guztietan jende berdinarekin jarraituko dut. Agian, pixka bat itxaron beharko dut gainerakoen mailara gehiago hurbildu arte, baina ez da oso ezberdina izango, nabarmentzea gehiago kostako bazait ere.

Irailean amaituko duzu denboraldia. Denboraldi ondoren ere entrenamenduekin jarraitzen al duzu?

Bai, irailaren erdi aldera amaituko dut denboraldia. Ondoren, hilabete eta erdi izango dugu atsedenerako eta azaroan negua prestatzen hasiko gara. Hor, gehiago egiten dugu igerian, korrikan, mendian ibili... ia ez dugu bizikleta ukitzen. Neguko entrenamenduetan gehiago lantzen dugu iraupena. Eta horrela ariko gara urte berria arte edo. Gero, urtarrilean iraupena landu eta gero hasten gara bizikletan.

Bizkaia-Durango taldean ari zara orain. Noiz arte duzu kontratua?

Denboraldi bakoitzean aldatzen dugu kontratua, babesleak ere urtero aldatzen baitira.

Gauza asko daude hobetzeko nesken txirrindularitzan. Zure ustez, zein dira premia larrienekoak?

Batez ere, hemen inguruan lasterketa gehiago jartzea eta komunikabideetan tartea eskaintzea dira beharrezkoenak.