EAJk ez du hartuko Kultura eta Gazteria Batzordea

Uztarria.eus 2007ko eka. 29a, 17:06
Ana Mendizabal eta Julian Eizmendi gaur eguerdian, udaletxean emandako prentsaurrekoan.

EAE-ANVk, EAk eta EB-Aralarrek batzordeburu izatea eskaini zioten, eta ezezkoa eman dio

"Udalaren akordio programatiko berriak hutsuneak" dituela dio Julian Eizmendik, eta gobernuko alderdiek "euren programetan alde handiak" dituztela nabarmendu du

Azpeitiko EAJk ezetz esan dio udal gobernu berriak Kultura eta Gazteria saileko batzordeburu izateko egindako proposamenari. "Gobernu Batzordean egongo gara, baina Kultura eta Gazteria Batzordearen gestioari ez diogu helduko; oposizioan egongo gara". Hala azaldu dute gaur (ostirala) Julian Eizmendi eta Ana Mendizabal EAJren zinegotziek, udaletxeko bulego batean eman duten prentsaurrekoan.

Orain ikusi egin behar gobernuko alderdietatik zeinek hartuko den Kultura eta Gazteriako batzordeburu postua. Uztailaren 7an izango da legealdi berriko ohiko lehen udalbatzarra, eta orduan jakin daiteke.

Eizmendi EAJko zerrendaburuaren arabera, EAE-ANVk, EAk eta EB-Aralarrek osatutako "udal gobernu berriaren akordio programatikoak hutsune handiak ditu". "Hutsuneak Azpeitiaren garapenerako funtsezkoak diren gaietan" daudela azpimarratu du, eta hori hiru alderdiek "programetan dituzten aldeengatik" dela. "Hutsuneak" dituzten bost arlo nabarmendu ditu: etxebizitzak, industria, azpiegiturak, hiri hondakin solidoak eta adineko pertsonentzako egoitza.

Gobernuak "kontraesan handiak" etxebizitzen arloan

Etxebizitzei dagokionez, "kontraesan handiak" ikusten ditu Eizmendik. "Batzuek diote datozen zortzi urterako 500 etxe berri nahikoa direla —EAE-ANVk—, besteek bi mila etxe behar direla —EAk—, eta hirugarrenek lau urterako moratoria edo etxeak egiteko baimenik ez ematea eskatzen dute etxe libreei dagokienez —EB-Aralarrek—". Pasa den legegintzaldian, babestutako etxebizitzetarako eskaria eginda dutenen "hirutik birentzako konponbidea" egina zutela dio Eizmendik. "500 bat eskari diagnostikatu genituen eta babestutako 330 etxebizitzen proiektuak aurrera atera ditugu". Dagoeneko abian den Etxebeltz-Izarra proiektuaz azaldu du "zerrendak prest" direla, "baina zerrenda horiek gordeta daude, zozketara atera beharrean". Eremu horretako urbanizazio lanek uztailean hasi behar zutela esan du EAJren zinegotziak, eta eraikuntzari ere uda honetan ekin behar zitzaiolako.

Industria arloan, EAJk ez du uste Larreko gunea nahikoa denik, udal gobernuak proposatuta bezala. "Larrin ere beharrezkoa da egungo beharrei erantzuteko. Etxebizitza arloan bezalaxe, arlo honetan ere lur pribatuak kudeaketa publikoarekin garatzea beharrezkoa da". Corrugadoseko gaiaz, "leku aldaketa enpresaren erritmoetara" egokituta egitea beharrezkoa ikusten dute jeltzaleek.

Azpiegiturez, beharrezkoa deritzote "Azpeitia komunikazio gune garrantzitsuekin lotuta" egotea. Horretarako, "Azpeitia-Azkoitia saihesbidea eta EAren jatorrizko ideia izan den N-1 errepidearen aldeko apustua" egitea eskatu dute.

Hiri hondakin solidoez, EAE-ANV, EA eta EB-Aralarren gobernu taldeak "irtenbiderik ez" duela agertu kritikatu du EAJk, eta "arazoaren garrantzia" azpimarratu du.

Adineko pertsonentzako egoitzaren inguruan, "erabakiak lehenbailehen hartzeko beharra" nabarmendu dute. "Gobernu berriak egoitza berria Corrugados leku aldatzearen menpe jarri du eta hori denbora-epe luzeegia da, beharrak larriagoak baitira".

Aipatutako "garapenerako funtsezko gaiez aparte", udal gobernuak beste hainbat arloz ere "aipamenik ez" duela egin azaldu du Ana Mendizabalek; hala-nola, baserriez, etorkinez…

Ikusi EAJren gaurko idatzi osoa hemen