"Izen handiko ganadutegiak eta eskarmentua duten toreatzaileak" izango dira saninazioetan

Uztarria.eus 2007ko eka. 28a, 22:06
Iñaki Olaizolak, Joxin Iriartek (lehendakaria), Jabier Beobidek eta Jose Manuel Iriartek osatzen dute zezenzale batzordea.

Gaur, osteguna, aurkeztu dituzte aurtengo zezenketak Donostiako Maria Kristina hotelean

Uztailaren 29an hasi eta abuztuaren 2a bitarte iraungo dute

Gaur (ekainak 28, osteguna) aurkeztu dituzte aurtengo San Inazio jaietarako prestatu dituzten zezenketak. Donostiako Maria Kristina hotelean eskaini duten prentsaurrekoan azaldu dute "izen handiko ganadutegiak eta eskarmentu handiko toreatzaileak" izango direla aurtengo edizioan. Joxe Manuel Iriarte, Jabier Beobide eta Iñaki Olaizola zezenzale batzordeko kide eta Joxin Iriarte batzordeko lehendakariak hartu dute parte agerraldian.

Uztailaren 29an egingo da zezenen desenkajonamentua, eta uztailaren 31n eta abuztuaren 1ean eta 2an izango dira zezenketak. Ganadutegien artean, iazko bik errepikatuko dute Azpeitiko saioa: Palha (Portugal) eta Ana Romero (Cadiz, Espainia) bigarren urtez etorriko dira Azpeitira; Luis Algarra (Sevilla, Espainia), estreinakoz.

Jabier Beobidek, euskaraz, eta Joxin Iriartek, geroago gazteleraz, azaldu dute "ilusio eta ardura handiz" egin dutela aurtengo zezenketak antolatzeko lana. Antolatzaileen arabera, "negoziaketak ez dira errazak izan". "Talavante toreatzailea, esaterako, bere estilokoa ez den ganadutegiko zezenak toreatzen ikusiko dugu". Cayetano Rivera Ordoñez etorriko den lehen aldia izango dela azaldu dute. "Aurrez etorria da nobillero gisa, baina lehen aldiz etorriko da Azpeitiara toreatzaile gisa".

Zezenketetara joateko sarrerak uztailaren 19tik aurrera jarriko dituzte salgai eta Udaltzaingoaren bulegoaren ondoan (Plaza Txikia) eskuratu ahalko dira. Ohiko saltokiaz gain, beste salmenta gune batzuk ere izango dira aurten: Donostian Bar Antonio (Bergara kalea, 3) eta Bar Udarra (Zabaleta kalea,5) eta Zarautzen Amaya kafetegian (Nafarroa kalea). Abonuak jasotzeko uztailaren 9an hasi eta 19ra bitarte aukera izango da.

Egitaraua

Uztailak 29, igandea

Desenkajonamentua 18:00etan. Hurrengo egunetako zezenketetan toreatuko diren zezenen desenkajonamentua egingo da (abonotik kanpo).

Uztailak 31, asteartea

12:00etan, arratsaldean toreatuko diren zezenen aukeraketa.

18:00etan, zezenketa. Palha ganadutegiko sei zezen. Toreatzaileak: Domingo Lopez Chaves, Francisco Javier Sanchez Vara eta Javier Valverde.

Abuztuak 1, asteazkena

12:00etan, arratsaldean toreatuko diren zezenen aukeraketa.

18:00etan, Ana Romero ganadutegiko sei zezen. Toreatzaileak: David Fandila El Fandi, Matias Tejela eta Alejandro Talavante.

Abuztuak 2, osteguna

12:00etan, arratsaldean toreatuko diren zezenen aukeraketa.

18:00etan, Luis Algarra ganadutegiko sei zezen. Toreatzaileak: Manuel Jesus El Cid, Jose Maria Manzanares eta Cayetano Rivera Ordoñez.