Luis Ansoalde, Realeko presidente?

Uztarria.com 2007ko eka. 26a, 14:06
Luis Ansoalde, Donostian, iaz.

Realak akziodunen batzarra izango du larunbatean, eta han izenda dezakete azpeitiarra kargu berrian

Duela bi urtetik klubaren bozeramailea izan da, eta orain dela aste batzuetatik presidenteordea ere bai

Realak hilaren 30ean (larunbatean) akziodunen batzar garrantzitsua izango du, Donostian, futboleko lehen taldea Espainiako Bigarren A Mailara jaitsi ondoren Administrazio Kontseilua berrestea eskatuko duelako zuzendaritzak. Eta baliteke Luis Ansoalde azpeitiarra Realeko lehendakari izendatzea orduan. Maria de la Peña egungo presidentearen tokia hartuko luke.

Ansoalde 2005eko ekainaren 30etik da Realaren zuzendaritzako kidea. Orduan izan ziren klubeko azkeneko hauteskundeak, Miguel Fuentesek irabazi zituen —duela aste batzuk utzi zuen lehendakari kargua—, eta haren taldeko kidea zen Ansoalde. Fuentesen dimisioa arte, Administrazio Kontseiluaren bozeramailea izan da, eta De la Peña dagoenetik presidenteordea ere bai.

Ansoalde 1946an jaio zen, Azpeitian, urtarrilaren 19an, baina 12 urterako irten zuen herritik, Iruñera joan zelako ikastera. 18 urterekin, Donostiara, ikastera. 1972an Zumaiara ezkondu zen eta orain dela 30 urtetik Donostian bizi da.

Profesionalki duela 34 urtetik komunikazio lanetan ari da. "Jan, hortik jaten dut. Realean sartu nintzenetik ez dut neure lana utzi, publizitateko enpresa batean segitzen dut, baina klubari ordu asko eskaintzen dizkiot. Realean hamahiru kontseilari gaude eta bozeramaile ardura dut", esan zion joan den abenduan Uztarria herri aldizkariari.

Klubean arlo sozialean ere aritu da, marketin eta komunikazioko koordinatzaile. Ez du Realetik lan horiengatik dirurik kobratu.

"Bi arrazoigatik" hautatu zuten bozeramaile, berak zioenez: "Komunikazio lanetan ibiltzen naizelako lan profesionalean eta, jakina, euskaraz dakidalako".

Azkenaldian asko esan izan da egungo zuzendaritzak akzio asko dituela eta kluba nahi erara erabiltzen duela. "Gezurra da Reala kontrolpean daukagula", zioen Ansoaldek martxoan Berria egunkarian.

Bigarren A Mailan

Reala jaitsi egin da Espainiako Lehen Mailatik, eta Bigarren A Mailan ariko da datorren denboraldian. Ansoaldek-eta badakite diru gutxiago izango duela klubak, Uztarria aldizkarian esan zuenez: "Kopan Malagaren kontra jokatu genuenean, neu hara joan nintzen eta haiek hitz egin ziguten ondorioez, iaz jaitsi zirelako Bigarren A Mailara: bazkideen erdiak galdu dituztela... Ez zaitezte jaitsi, ez dakizue-eta zer den hau, zioten. Dirurik ez da sartzen, telebistako kontratuak jaitsi... Zenbakiak asko murriztuko lirateke. Realak orain urteko aurrekontua 38 milioi eurokoa du eta baliteke Bigarren A Mailara jaitsiko bagina, erdira-edo jaistea".