Azpeitiak galdu egin du herriarteko finalean

Uztarria.eus 2007ko eka. 24a, 17:06
Arrasatek jantzi zuen txapela, Azpeitiari 2-1 irabazi ostean.

Arrasate 2-1 nagusitu zaio Gipuzkoako Txapelketan; azkeneko partidan 22-21 galdu dute azpeitiarrek

Kadeteetan arrasatearrak irabazle (22-14) eta gazteetan Azpeitikoak (22-3)

Azkeneko partidan eta azkeneko tantoan. Halaxe galdu du gaur (igandea) Azpeitiak pilotako Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako finala, Arrasateren kontra. Partidetan 2-1 eta, azkenekoan, 22-21.

Donostian jokatu dute finala, Atano III.a frontoian, 10:30ean hasita. Leporaino bete da, Azpeititik eta Arrasatetik jendetza joan delako.

Lehen partidan, kadeteetan, Arrasatekoak nagusi: 22-14. Ibai Bolinaga-Iker Agirregabiria bikotea gehiago izan da Daniel Murgiondo-Andoni Aizpuru baino.

Aldiz, bigarren partidan, gazteetan, azpeitiarrak askoz gehiago izan dira; Joanes Otamendik eta Mikel Ieregik 22-3 irabazi diete Iban Aranari eta Ander Zubizarretari.

Finala 1-1 zihoan, eta nagusienean zegoen gakoa, hortaz. Aurrez aurre, Jurgi LarraƱaga-Josu Uzkudun (Azpeitia) eta Unai Axpe-Egoitz Uribarren (Arrasate). 0-3 jarri dira azpeitiarrak aurretik, baina gero, alde txikiz bada ere, arrasatearrak joan izan dira irabazten. Tartean, berdinketa batzuk egon dira, baina ez zuten lortzen azpeitiarrek aurretik jartzea. 19-21 zirela, berdindu egin dute LarraƱagak eta Uzkudunek. Azkeneko tantoan Uzkudunek txapa azpira bota du pilota.

Arrasate, beraz, txapeldun Gipuzkoako herriartekoan. Iaz Azkoitiak irabazi zuen. Arrasatek 1976an eta 1979an ere irabazi zuen.

Azpeitiak behin lortu du txapelketa: 2004an, Atano III.ean; 2-1 nagusitu zitzaion Hernaniri. Gaur bezala, 1995ean eta 1996an ere bigarren izan zen (Azkoitiak menperatu zuen bietan).

Azpeitiar pilotariak eta Ilunpe Pilota Elkartekoak 15:30ean heldu ziren herrira, eta bazkaltzera joan ziren, senideekin, lagunekin eta udal ordezkariekin.