EAk ez du zentsura mozioa aurkeztuko

Uztarria.com 2007ko eka. 23a, 16:06
Azpeitiko EAren zuzendaritzakoak gaur, Alkartetxean. Mahaian, ezkerretik, Inazita Bereziartua, Julian Unanue presidentea eta Manuel Agirre. Atzean, ezkerretik, Esteban Uzin, Kontxita Martija, Manuel Unanue, Jesus Arrazola, Julian

Herriko EAren zuzendaritzak EAE-ANVri Alkatetza emateko erabakia ez duela aldatuko esanez agerraldia egin du gaur

Hilaren 14an alderdiaren herri batzarrean "EAJrekin akordiorik ez" zegoela esan zutela diote eta "beste alderdiekin hitz egiten" ari zirela

Azpeitiko EAren zuzendaritzak gaur (larunbata) ziurtatu duenez, EAk ez du EAE-ANVren kontrako zentsura mozioa aurkeztuko Alkatetzatik kentzeko. "Ezetz diogu, hitz maiuskulekin". Alkartetxean emandako prentsaurrekoan argitu du hori zuzendaritzak. Bertako kide denak azaldu dira: Julian Unanue Bereziartua presidentea —berak hitz egin du—, Esteban Uzin, Manuel Agirre, Julian Armendariz, Jesus Arrazola, Inazita Bereziartua, Ana Azpiazu, Kontxita Martija eta Manuel Unanue (zinegotzia). Azken horri eta Mikel Ibarzabal zinegotziari "babes osoa" eskaini die zuzendaritzak.

Lehengo zapatuan EAk berak, EB-Aralarrekin batera, EAE-ANVren alde egin zuen Inaki Errazkin alkate izendatzeko (atzo aurkeztu zuten hirurek gobernu akordioa), eta hurrengo egunean "Iñaki Galdos Gipuzkoako EAren presidenteak":http://www.uztarria.com/albistiek/1182090761 zentsura mozioa aurkezteko eskatu zien alderdikideei. Asteartean, berriz, Azpeitiko EAren zenbait afiliatu Errazkin alkate aukeratzeko EAren erabakiarekin ez ziren ados agertu (Jabier Beobide eta Aitor Aranguren mintzatu ziren agerraldian), euren ustez EAko bi zinegotziek ez zutelako bete egun batzuk lehenago alderdiaren herri batzarrak Azpeitian ere zerrenda bozkatuena (EAJ) errespetatzeko erabakia.

Azpeitiko EAren zuzendaritzak ukatu egin du alderdiaren afiliatu horiek esandakoa, hilaren 14ko herri batzarrean "EAJrekin akordiorik ez zela izan adierazi genuelako" eta "beste alderdiekin hitz egiten" ari zirela. EAk "ez zuen erabakirik hartu bi zinegotziei adierazteko nori botoa eman". Zuzendaritzak esan duenez, "Beobidek eta Arangurenek euren burua baino ez dute ordezkatzen, eta gaur hemen den batzorde hau EAren militante guztiena da".

EAJ ere kritikatu dute agerraldian. EAk esan du bera "leiala" izan dela negoziaketetan, eta EAJk "aurreko legealditik erakutsi duen berekoitasunagatik galdu" duela Alkatetza, baita "aukera bakarra zela uste zuelako" ere.

Herriko EAren zuzendaritza hurrengo astean elkartuko da exekutiba nazionalarekin, eta gaur esandako bera esango diola adierazi du, "Azpeitiko EA gai delako bere erabakiak hartzeko". Udal gobernu berriak lau urte iraungo duela adierazi dute, bide batez. Galdosekin edo Gipuzkoako zuzendaritzarekin ez dute bilerarik izan; Galdosek lehengo zapatuan telefonoz deitu zion Julian Unanue Azpeitiko EAren presidenteari, kexa adierazteko, eta Iñaki Sagarzazu Gipuzkoako zuzendaritzakidea Azpeitian izan da aste honetan, baina EAren afiliatu haien agerraldian egoteko.

Zumaiako kasuak —EAE-ANVk eta EB-Aralarrek EAren alde egin zuten honek Alkatetza lortzeko— eta Azpeitikoak "zerikusirik ez" dutela izan adierazi dute, era berean.

Azpeitiko EAren zuzendaritzaren idatzia

Azpeitiko EAko alderdikide batzuen prentsaurrekoari dagokionez esan behar dugu: gezur hutsa izan dela edo hoberenean interpretazio okerra.

  • 1. Hilaren 14ean, ostegunean, PNVrekin izandako bileretan akordiorik ez zela izan adierazi genuen, beste alderdiekin hitzegiten ari ginela.
  • 2. Azpeitiko alderdiko batzarrak ez zuen erabakirik hartu 2 zinegotziei adierazteko nori eman botoa.
  • 3. Mendekua eta gorrotoari dagokionez… kanpainan zehar esan dugu prest geundela alderdi guztiekin hitzarmena egiteko.
  • 4. Manuel Unanuek mehatxua bota omen die prentsaurrekoa dela eta, horretaz ez daukagu zer esanik, dena gezur hutsa bait da. Manuelek ez bait du hitzegin ez ahots eta ez telefonoz beraiekin.

PNVren esandakoei uko borobila egiten diogu:

  • A. Hiru bilera izan ditugu PNVrekin (denera gehienez 3 ordu) eta hiruretan esan ziguten azken legealdian EArekin harreman txarrak izan zirenez, oso zaila beren alderdikideei akordio hau saltzea.
  • B. Zuzendaritzatik aginduak jaso zituztela, Diputazioa eratu edo negoziazioak argitu arte gurekin ez ixteko itunik.
  • D. Hilaren 14ean, ostegunean, PNVk proposatu zigun zinegotzien araberako proportzionalitatea izatea maila guztietan. Guri ez zitzaigun serioa iruditu, ituna egiteko gu ezinbestekoak bait ginen, ordurako ANV eta Aralarrek ezetza eman bait zioten gobernuan sartzeari.
  • E. Proposamen hauen aurrean PNVk ez zuen lortu EAren baietza, guk ez genuen ontzat hartu bere proposamena.
  • F. PNVk proposatu zigun irailerarte atzeratzea akordioaren sinaketa.
  • G. EA leiala izan da PNVrekin. PNVk alkatetza aurreko legealditik erakutsi duen berekoitasunagatik eta aukera bakarra zela uste zuelako galdu du.