Udal berriak "lasaitasuna, errespetua eta normaltasuna" eskatu ditu

Uztarria.eus 2007ko eka. 22a, 15:06
Manuel Unanue (EA), Iñaki Errazkin alkatea (EAE-ANV) eta Juan Karlos Arellano (EB-Aralar), gaur, udaletxeko balkoian, gobernu akordioa aurkeztu eta gero.

EAE-ANVk, EAk eta EB-Aralarrek gobernu akordioa aurkeztu dute gaur

Akordioa "desberdinen artekoa" dela azpimarratu dute, eta hori "ona" dela

Ikusi gobernu akordioa osorik

EAE-ANVko, EAko eta EB-Aralarreko buruak batera agertu dira gaur (ostirala) lehen aldiz, Azpeitiko legealdiko udal akordioaren berri emateko, ekainaren 16an ados jarri eta Iñaki Errazkin (EAE-ANV) alkate izendatu eta gero. "Egindako gobernu akordioa inoren aurkakoa ez" dela esan du Errazkinek udaletxean, "baizik eta aldaketaren aldekoa". Horrekin batera, "lasaitasuna, errespetua eta normaltasuna" eskatu dute.

Gobernu berriak gehiengo osoa suposatzen duela adierazi du Errazkinek, "eta, beraz, gobernu honek zilegitasun demokratiko guztia du". "Desberdinen arteko akordioa" dela azpimarratu du eta hori "herriarentzako ona" dela. Errazkin ez ezik, Manuel Unanue (EA) eta Juan Karlos Arellano (EB-Aralar) egon dira aurkezpenean. Komunikabide ugari azaldu da.

"Egun eta ordu asko" eman dituzte EAE-ANV, EA eta EB-Aralarrek negoziatzen, gaur esan dutenez, eta Azpeitian gertatu denak Zumaiako kasuarekin "zerikusik ez" duela adierazi du Errazkin alkateak.

Gobernu akordioak hiru zati ditu

Hirurek adostutako gobernu akordioak hiru zati ditu: irizpide politikoak, programa akordioa eta funtzionamendua. Batzordeak "irekiak" izango direla nabarmendu du alkate berriak, eta arlo batzuk eragileek osatuko dituztela. Gobernu Batzordean EAJk eta EAE-ANVk ordezkari kopuru bera izango dute (bina), eta EAk eta EB-Aralarrek bana. Batzorde bakoitzeko kide kopuruan, EAJk izango ditu gehien: hiru. Udal berriak "kontsentsuan" hartu nahi ditu erabakiak, ordezkarien "elkarlanean".

Azpimarratzekoa da EAJ oposizioan geratu arren, besteek hari Kultura eta Gazteria Batzordea eskaini izana. EAJk berak erabakiko du hartu duen edo ez.

Aurreko legealditik, Parekidetasuna Batzordea sortu dute, "daukan garrantziagatik".

Gobernu berriaren nondik norakoak azaldu ondoren, saninazioetako zezenketen eta prozesioen inguruan sortu den "mamua" dela-eta, gauzek "ohi bezala" jarraituko dutela adierazi zuen Errazkinek.

Irizpide politikoak (laburtuta)

-"Udala azpeitiarron zerbitzura jarri nahi dugu.
-Akordio hau ez da inoren aurka egindakoa, azpeitiarron beharrei erantzungo diona baizik. Elkarrizketa eta akordioaren bitartez egin behar da azpeitiarrentzat lana.
-Azpeitia anitza da. Pentsamolde, sinismen, ohitura desberdinez osaturiko herria da Azpeitia.
-Udal demokratikoa eraikitzeko konpromisoa. Udaleko ordezkari guztien ikusmoldeak aintzat hartu.
-Udal irekia nahi dugu. Azpeitiarrei eta herriko eragileei irekitzeko helburuarekin parte-hartzea bultzatuko dugu, eta horretarako tresnak jartzeko borondatea eta konpromisoa geure egiten dugu.
-Udal aurrerakoia eraiki.
-Udalean egin beharreko lana, soilik, bide demokratiko eta baketsuetatik garatzeko konpromisoa berresten dugu.
-Kudeaketa gardena eta publikoa.
-Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoaren aurrean, prozesu demokratikoa bultzatzeko konpromisoa.
-Indarkeria guztien desagerketa ahalbideratuko duen eszenatoki demokratikoa eraiki behar dugu.
-Konponbiderako, guztion arteko elkarrizketak ahalbideratuko duen akordio politikoa da giltza. Akordio politikoa herritarren borondatean oinarritu behar da.
-Nazio eraikuntzaren bidean urratsak emateko konpromisoa.
-Gure izaera propioa, naziotasuna, euskara edo euskal kulturaren aldeko proiektuak bultzatuko ditugu".

Programa akordioa (laburtuta)

Etxebizitza.
- "Behar gehien dutenengandik hasita, herritarren beharrei erantzungo dien etxebizitza politika garatu. Diagnostikoa egin. Azterketa egiteko, Etxebizitzaren bulegoa, Azpeitia Lantzenen bidez.
-Etxebizitza politikan eragiteko, etxebizitza hutsak merkaturatu eta babeseko etxeak bultzatu. Ordenantza aldatuz, etxe tasatuak babes ofizialekoetara hurbiltzera bideratu.
-Etxebizitza tipologi berriak aztertu.
Garraioa.
Garraio publikoa sustatu.
-Autobus sare egokia.
-Tren sarea. Azpeititik kostarako irteera merkantzia eta garraio publikorako.
-Bide gorriak.
-Kotxearen erabilpena gutxitu. Eztabaidatu saihesbide berriaz. Soreasukoaz gain, aztertu beste lurpeko parking bat egitea.
-Oinezkoak. Alde zaharreko peatonalizazioa amaitu eta hobekuntzak.
San Martin zaharren egoitza.
Hirugarren adinera begirako beharrei erantzunez, zaharren egoitzaren handitzea bigarren zati batean, oraingo egoitza ondoan. Martxialgo labeak aterata gune osoa bertan egin: egoitza, apartamendu tutelatuak, eguneko zentroa...
Merkataritza.
-Herriko merkataritza txikia eta ertaina bultzatu: Azoka Plaza eraberrituz...
-Herriko merkatariak bilduko dituen gunea osatu.
Industria.
-Corrugadoseko (Martxial) labeen lekualdatzea presazkoa da.
-Larreko eremua behingoz, industriara erabili.
-Idustria parke sendoa mantendu eta hobetzeko planak garatu.
Euskara.
-Euskara da euskaldunon hizkuntza. Euskara da azpeitiarron hizkuntza.
-Euskararen normalizazio plana osatu eta aurrera eraman. Euskalgintza eta eragileen parte-hartzea bultzatu, erabakiak guztion artean adostu eta aurrera eramanez.
-Euskaraz funtzionatuko duen Udala.
-Azpeitia UEMAko partaide.
Kultura.
-Kultura herrikoia, bizia eta sortzailea bultzatu.
-San Agustinpe eta Soreasuko proiektuen funtzionamendua adosteko, kultur mahaiaren papera ezinbestekoa izango da.
-Sanjuandegi kultur azpiegituraz hornitu.
Kirola.
Kirol elkarte desberdinen arteko elkarlana eta koordinazioa sustatzeko, kirol mahaia eta kirol talde guztien egoitza sortu.
Parekidetasuna.
Teknikari bat hartu".

Batzordeak (funtzionamendua)

Gobernu Batzordea. EAJko bi kide, EAE-ANVko bi, EAko bat eta EB-Aralarreko bat.
Batzorde bakoitzeko kide kopurua. EAJko hiru kide, EAE-ANVko bi, EAko kide bat eta EB-Aralarreko bat.
Batzordeak eta buruak.
-Hirigintza eta Ingurumena: EAE-ANV.
-Giza baliabideak: EAE-ANV.
-Zerbitzu orokorrak eta Baserriak: EAE-ANV.
-Euskara eta Hezkuntza: EAE-ANV.
-Industria, Merkataritza eta Turismoa: EAE-ANV.
-Parekidetasuna: EAE-ANV. (Batzorde berria da).
-Ogasuna: EA.
-Festak: EA.
-Kirola: EA.
-Gizartekintza: EB-Aralar.
-Kultura eta Gazteria: EAJri proposatu diote.
Batzorde irekiak. "Udaleko batzordeak irekiak izango dira, edozein herritarrek parte hartu ahalko du. Horretaz gain, alor batzuetan eragileek osatutako mahaiak izango dira".