'Gomendatzen dizut: Merezi du!' sariketa abian da

Uztarria.eus 2007ko eka. 21a, 15:06
Gomendioak blog batean jartzen dituzte ikusgai. Argazki hau parte hartzaile batek Azoreetan aterakoa da.

Oporretako gomendioak biltzen ditu lehiaketak, gero blog batean bistaratzeko

Azpeitiko Gazte Bulegoak hirugarrenez jarri du lehiaketa martxan eta beste 10 bulegok ere parte hartu dute

Udan sartu berriak garen honetan, Gipuzkoako hainbat herritako Gazte Bulegoek oporretako gomendioen sariketa abian jarri dute. Aurtengo Gomendatzen dizut: Merezi du! egitasmoan Gipuzkoa osoko hamaika bulegok parte hartuko dute. Azpeitiko Gazte Bulegoak hirugarren urtez parte hartu du lehiaketan.

Oporren gaineko gomendioak aurkeztu behar dira sariketara: ostatu merkeak, mendi ikusgarriak, herri politak, kanpalekuak, aterpeak, ibilbideak eta beste hainbat interesguneren gaineko informazioa biltzen du lehiaketak.

Jasotako gomendio guztiak www.aizue.com blogean biltzen dituzte. Eta aurtengoez gain, aurreko deialdietan jasotako gomendioak ere ikusgai daude blogean. Aurten, gainera, berrikuntzekin dator bloga. Diseinu aldetik berrikuntzak ditu eta horrez gain, beste urteetan ez bezala, oraingoan gomendioa zuzenean zintzilikatu ahalko da sarean.

Gipuzkoan bizi, ikasi edo lan egiten duten gazteei dago zuzenduta sariketa eta bi kategoriatan dago banatuta: 12-17 urte bitartekoek osatzen dute aurreneko kategoria eta 18-34 urte bitartekoek bigarrena. Kategoria bakoitzeko sari bana egongo da. 12-17 urtekoen arteko gomendio hoberenak i-pod bat eta argazki kamera digitala jasoko du saritzat. Bigarren kategoriako irabazleak ere i-pod bat eskuratuko du eta horrekin batera, gustuko oporralditxoa.

Irailaren 30a azken eguna

Irailaren 30a izango da gomendioak aurkezteko azken eguna. Nahi beste gomendio aurkeztu daitezke eta azpeitiarren kasuan, blogean zuzenean eskegitzeaz gain, Azpeitiko Gazte Bulegora ere aurkeztu ditzakete gomendioak. Ekainaren 25etik aurrera, astelehenetik ostiralera 8:30etik 14:00etara egongo da zabalik Gazte Bulegoa.