20 urte umeak ingurumenean heziz

Urola Kostako Hitza 2007ko eka. 21a, 12:06
Ingurumen etxearen kanpoaldea, forma bereizgarriak dituzten txirristalekuez.

Ingurumen museoak 20 urte bete zituen ekainaren 5ean

Hasieran Umeen Museoa eta ludoteka ere izan zen (Urola Kostako Hitza)

Ingurumen etxeak ekainaren 5ean, Ingurumenaren Nazioarteko Egunean, bete zituen 20 urte. Zenbait herritar gogoratuko da noiz ipini zuten Umeen Museoa kanpoko dinosauroekin; beste zenbaitek, berriz, horrela ezagutuko zuen.

Umeen Museoa izan zen hasierako 11 urteetan eta duela bederatzi urte, proiektua zaharkitzen ari zela eta, hainbat berrikuntzaren artean izena ere aldatu egin zioten museoari; aurrerantzean Ingurumen Etxea izango zen.

Lehen hamaika urteetan, hasierako izenak erakusten duen moduan, ludoteka funtzioa ere betetzen zuen. Ekologia gaiak ardatz hartuta prestatutako erakusketetatik eta geletatik kanpo, bazen beheko solairuan haurrek jolastu eta margotzeko gune bat ere.

Haurren Museoa Eusko Jaurlaritzako Lurralde eta Garraio Politika Sailaren eta Azpeitiko Udalaren lankidetza hitzarmen baten bidez sortu zen. Haurrei eta gaztetxoei espazioari, Lurrrari, geologiari eta hondakin solidoei buruz jolasaren bidez irakastea zen helburu nagusia.

Umeen Museoa sortzeko ideia, berriz, ez zen Azpeitian sortu. Izan ere, Caracasen (Venezuela) bazen Museo de NiƱos deituriko museo bat eta eskualdean berdina egin zitekeela bururatu zitzaion norbaiti.

Urtean 7.000 bisitari inguru hartzen ditu Museoak, gehienak Bizkaiakoak eta Gipuzkoakoak. Hasieran haur eta gaztetxoei zuzendua bazen ere, gaur egun familia, adineko, talde eta banakoentzat ere badago aukera. Hainbat gauza aldatu arren, modu erakargarrian ingurumeneko arazoez jabetu eta alternatibak eskaintzeko modua antzekoa da oraindik ere.